Uztailaren 1ean, larunbatean, hasiko da Euskadin aurtengo Frantziako Tourreko 110. edizioa. Lehenengo hiru etapek gure herrialdeko hainbat herri izango ditu protagonista: Bilbo – Bilbo (uztailak 1), Gasteiz – Donostia (uztailak 2) eta Amorebieta-Etxano – Baiona (uztailak 3).
Lasterketa handiaren hasiera ospatzeko, ‘Tour Eguna’ antolatu zuten martxoren 26an zenbait udalerritan.
Bilboko udaletxearen aurrean, Christian Prudhomme lasterketako zuzendariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputuak botoi erraldoi bat sakatu eta hasiera eman zioten lasterketa hasi arteko atzerako kontaketa egiten duen kronometroari.
Ekitaldia osatzeko, udaletxeko fatxada horiz argiztatu eta 13 x 10,6 metroko maillota jarri zuten Aznar eraikinean.
Jarraian, ospakizunak bere bideari ekin zion Udaletxetik San Mames futbol zelairaino, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauretik igaro ondoren. Hiriko eraikin enblematikoenetako batzuk ere horiz argiztatu ziren ekitaldiko "tropela"-ri ongi etorria emanez; Bizkaia Dorrea esaterako. Bitartean, Haize biziari kontra egin eta bizikletaren erabilera sustatzeko ekimenak ere antolatu ziren.
'Herri bat gara, Euskal Herriak erabaki'
Gure Eskuk ere agerraldi jendetsua egin zuen igandean, Bilboko Bizkaia Aretoan, Frantziako Tourraren hasieraren harira. Horretan, lasterketan zehar Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko sortu duen “Herri bat gara, Euskal Herriak erabaki” dinamika aurkeztu du.
Aurtengo Tourreko lehen hiru etapak bere osotasunean gure lurraldeetan hasi eta amaituko direla aprobetxatuz, Gure Eskuko bozeramaile den Josu Etxaburu ondarrutarrak azaldu duen bezala, herri dinamikak ongi etorria egingo dio Tourrari eta duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Euskal Herria nazioartean proiektatzeko. Bozeramaileak bi ideia garrantzitsu nabarmendu ditu; hots, Euskal Herria 7 lurraldez osatutako herri bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela.