Loraldia Festibalaren antolakuntzak balorazio oso positiboa egin du 9. edizioaren alderdi guztietan, aurkeztutako proposamen artistiko guztien kalitatea azpimarratuz. Gainera, entzuleriaren erantzun positiboa ere azpimarratu nahi izan du. Izan ere, 4.207 lagun biltzea lortu baitu, eta beste behin ere "mugarri kultural historikoak" lortu dituela gaineratu du antolakuntzak.
Hala, lortutzat eman dute aurtengo edizioak zuen aldarrikapena: kultura maila erakustea eta mailukada ederrak jaso eta eman. "Ekitaldien kalitate artistiko maila handia azpimarratu nahi dugu", adierazi du Loraldiak. Horrekin batera, kultur erreferente handiak eta une gogoangarriak izan dituztela azpimarratu du antolakuntzak. Horien artean, Gabriel Aresti, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga eta Benito Lertxundi.
Loraldia Festibalaren 9. edizioan 150 artista baino gehiago parte hartu dute eta horrek duen garrantzia azaldu du Loraldia: "Hiru astez, Bilbo euskaraz sortutako kultur adierazpenen erakusleiho handia bilakatu da".
Datuei erreparatuz, 4.207 lagun bildu ditu burututako 25 ekintzetan, aretoen %77a betez. "Loraldia sendotu da eta erreferente bilakatu da", gaineratu du antolakuntzak.