Aste santuan, gastronomiaz eta herri-kirolez gozatzeko aukera aparta Bilbao Basque Fest jaialdiaren baitan

uriola.eus 2023ko api. 3a, 11:37

Argazkia: Bilboko Udala

Hamar Euskal turismo-eskualdek 1.500 metro karratu baino gehiagoko karpa bat jarriko dute Areatzako kaian, euren gastronomia ezagutzera emateko asmoz.

Beste behin ere, apirilaren 5etik 9ra bitarte, Bilbao basque FEST jaialdia antolatuko da. Jaialdiak hartuko dituen beste zenbait lekuren artean, Areatzan jarriko duten karpan, jendeak Euskadiko hamar turismo-eskualderen zero kilometroko produkturik onenak dastatu eta erosi ahal izango ditu goizeko 11:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 16:30etik 20:00etara. Besteak beste: Idiazabal gazta, Ezpeletako piperrak, Urigoitiko txorizoa, Uribe Jataondoko izozkiak, txakolina eta garagardoak, Tolosaldeako eztiak eta txokolatea, Urdaibaiko hegaluzea eta txakolina, Enkarterriko ore amaz eginiko ogia eta Arabako Errioxako ardoa.

Bestetik, sukaldaritza-tailerrak ere antolatuko dira. Enaitz Landaburu sukaldariak gidatuta, 45 minutuko iraupena izango dute. Saio horietan parte hartzen dutenek taloa, Bilboko pintxo tradizionalak, bakailaoa eta gozoki osasungarriak egiten ikasiko dute. Kasu honetan, tailerrak apirilaren 6tik 8ra bitartean izango dira egunean hiru aldiz (12:15ean, 13:15ean, 17:45ean eta 18:45ean).

Berritasun garrantzitsuen artean, besteak beste, Athletic Clubarekin egindako hitzarmena dago. Izan ere, klubaren 125. urteurrena ospatzeko, sei kamiseta historiko egongo dira ikusgai.

Hortaz gain, jaialdian herri-kirolek ere garrantzia hartuko dute. Hala, apirilaren 6tik 9ra bitarte, egunero emanaldi desberdinak ospatuko dira; esaterako, lehen egunean, apirilaren 6an, Bizkaiko Orga Jokoaren Txapelketa Ofiziala izango da. Azkenik, jaialdia Bilboko beste zenbait lekutan ospatuko da euskal kulturako emanaldi desberdinak eskainiz.

Jaialdiaren hasiera, Azkuna Zentroa izango da asteazkenean, apirilaren 5ean. Hain zuzen ere, Izar Blue konpainiak emango dio hasiera, 19:15etan, “Munduko soinuak, visual experience” ikuskizunarekin. Bilboko Udalak adierazi duenez, urtero ospatzen den jaialdiak euskal nortasuna indartzea eta ekonomia erakartzea du helburu: “Jaialdiak hiria jarduera ekonomikoko eta bisitariak erakartzeko gune gisa sendotzea lortu du, eta, horrez gain, hiria dinamizatzen du eta Aste Santuan zehar Bilboko merkataritza eta ostalaritza sustatzen ditu”.