Novaltiako greba, Europako luzeena, bukatutzat eman dute % 26tik gorako soldata igoerarekin

uriola.eus 2023ko mar. 30a, 14:43
Novaltiako langileak greban. Artxiboko irudia.

Horrekin batera, langile bakoitzak 9.450 euroko kalte ordaina ere jasoko du. Horrenbestez, hiru urte eta zortzi hilabeteko greba luzeari amaiera eman diote.

Novaltiako Greba Batzordea eta ELA sindikatua akordio batera heldu dira hiru urte eta zortzi hilabeteko grebari amaiera emateko. Langileek % 26tik gorako soldata igoera eta bakoitzak 9.450 euroko kalte ordaina jasoko dute.

Produktu farmazeutikoak banatzen dituen Zaragozako kooperatibak bi lantoki ditu Bilbon; nagusia, Lezaman eta, zaharrena, Zaratamon. Bertako 20 langilek greba mugagabea hasi zuten 2019ko uztailean lan baldintzak hobetzeko premiarekin. Hain zuzen ere, soldata eskasak eta kolektiborik prekarioenak pairatzen zituztela aldarrikatzeko.

Gainera, Novaltiak 1.345 euroko kalte ordaina ere emango dio ELA Sindikatuari, euro bat greba egun bakoitzeko. Hala, sindikatuak positibotzat jo du hitzarmena, grebalarientzat ekarriko dituen “hobekuntza nabarmenak” direla eta.

Horrenbestez, amaiera eman zaio hiru urte eta zortzi hilabete iraun duen greba luzeari, Europako luzeena.

Akordioaren edukia
  1. Greba amaierarako akordio. Bertan, langileen lan baldintzen hobetzea zehazten da. Soldata hobekuntzek % 26,7ko batez besteko igoera ekarriko dute, eta % 33,7ko igoera soldata prekarioenen kasuan.
  2. Prozedura judizial guztiak amaitu. Horretan, kalte eta galerengatik grebalari bakoitzak 9.450 euroko kalte ordaina jasoko duela zehazten da