Ekologistak Martxan elkarteak amiantoa duten instalazioen eta kokalekuen errolda eskatu die udalei

uriola.eus 2023ko api. 13a, 11:25

Amiantoz osatutako teilatua, Deustuko Erriberan. Artxiboko irudia.

Izan ere, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen arabera, udalek nahitaez sortu behar dute errolda.

Ekologistak Martxan-ek, idazki baten bidez, EAEko udalerriei eskatu die amiantoa duten instalazioen eta kokalekuen errolda, bai eta amianto hori kentzeko plangintzaren egutegia ere. Izan ere, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen arabera, udalek nahitaez sortu behar dute errolda.

Amiantoaren inguruko legean zehazten denez, errolda eta egutegia publikoak izan behar dira, eta hori oinarri hartuta eskatu dute ekologistek informazioa. “Badakigu neurri hori ezartzeak zelako lana eskatzen duen eta ere badakigu udalak nahitaez kendu behar duela udalerrian dagoen amianto guztia”, gaineratu du Ekologistak Martxan-ek.

Gogoratu beharra dago, eraikuntzan amiantoa fabrikatzea, merkaturatzea eta erabiltzea (zein-nahi motatakoa izanda ere) legez galarazita dagoela Estatu osoan, 2001az geroztik.

Bilboko egoera

Bilboko Udalak azaldu duen arabera, 2015etik 34 kasu baino gehiago identifikatu eta kontrolatu dituzte, laneko segurtasunaren eta osasunaren protokoloak eta hondakinen tratamenduari buruzko Estatuko eta Autonomia Erkidegoko araudiak beteta.