Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Euskal Herrian 2022an zehar hizkuntza eskubideekiko izan ziren hutsune nagusiak eta arloz arloko egoeraren azterketa jasotzen dituen txostena aurkeztu du. Horretan, hizkuntza eskubideen urraketak jasan zituzten herritarren zuzeneko testigantzak jaso ditu. Txostenaren arabera, nabarmentzekoa da sektore pribatuan atzemandako atzerapausoa.
Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak eremu ezberdinetan euskara normalizatzetik “urrun” gaudela azpimarratu du. “Urteak Aurrera doazen arre, herritarrari euskaraz bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaio eguneroko esparru ugaritan”.
Txostenaren balantzea egiterakoan, Gaubekak nabarmendu du herritar askok Behatokia beraien eskubideen babes eta defentsarako tresna bezala ikusten dutela. Hala ere, gogorarazi du, “euskararen normalizaziorako pausoak mugatu, oztopatu edo debekatzen badira, hizkuntza eskubideek ez dute inoiz aitortza egokirik izango”.
Behatokiko zuzendariak enpresa, elkarte eta erakunde bakoitzak euskararen normalizaziorako duten gizarte erantzukizuna aldarrikatu du. Halaber, euskarazko eskaintza aktibo handiago behar dela defendatu du ere: “Administrazio publikoek normaltasunez euskaraz funtzionatzeko erabateko gaitasuna izan dezaten, baliabide efektiboak behar dituzte”.
Datuen arabera, 2022an 1.071 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskara Telefonoaren zerbitzuan. Aurreko urtean jasotako kexen jaitsiera txiki bat egon den arren, Garbiñe Petriati teknikariak datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jarri du enfasia, eta sistema osoaren hutsuneen adierazlea dela azpimarratu du: “Herritarrak bere hizkuntza eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua oztoporik gabe jaso nahi badu, euskara erabiltzeari uko egin behar izatea eragiten dio sarritan”.
Hizkuntza eskubideen urraketarik jasan baduzu, erabili Euskararen Telefonoa:
— Hizkuntz Eskubideen Behatokia (@behatokia) January 31, 2023
1️⃣ Sartu webgunean: https://t.co/0pl8OHsEvW
2⃣ Erregistratu eta aktibatu zure kontua
3⃣ Hasi saioa
4⃣ Sartu zure intzidentzia, kexa, zoriontzea edo kontsulta, eta gehitu datuak
5⃣ Bidali intzidentzia! pic.twitter.com/AaePbk2V6j