Hainbat talde antimilitarista, ekologista eta internazionalistak Gerraren, Gastu Militarraren eta Arma Industriaren aurkako Hamabosgarren Bizikleta Martxa aurkeztu dute gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Jauregian; larunbatean bizikleta tropel bat abiatuko den toki berdina, alegia. Hala, mobilizazioarekin Bilbo Handiko arma fabrika garrantzitsuenekin (Barakaldoko ITP Aero (lehengo Precicast PCB) eta SENER) kolaboratzen duten enpresen filialen aurrean kontzentratuko dira parte-hartzaileak.
Martxa honen helburu nagusiak arma sektoreko euskal enpresekin erakundeen inplikazioa gero eta handiagoa dela salatzea da. Izan ere, osasun arloan, pentsioetan, berdintasun politiketan, prestazio sozialetan jasandako murrizketak areagotu egin dira covid-19aren ondorioz. Gainera, bizitzaren kostuaren igoerak larriagotu egin ditu etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerak.
Deialdia egin duten kolektiboek adierazi dutenez, “Defentsa Ministerioaren datuen arabera, ehun bat dira industria militarrerako ekoizten duten euskal enpresak, eta Euskadik urtero 750 milioi euro fakturatzen ditu horren bidez; beraz, Euskadi Estatuko hirugarren autonomia-erkidegoa da ekoizpen militarrean, Madrilen eta Andaluziaren atzetik bakarrik”. Zehazki, zentzu horretan ITP Aerok eta SENERek arlo militarrean duten presentzia eta jarduna kritikatzen dute.