Bizkaiko zahar etxeetako langileek 13 eguneko grebari hasiera eman diote

uriola.eus 2023ko api. 21a, 14:03

Zahar etxeetako langileek Bilbon egin dute manifestaldia. Argazkia: ELA sindikatua.

Gaur, apirilak 21, maiatzaren 3ra arte deitutako greba hasi dute. Data berri hauekin, 40 egun baino gehiago daramatzate sektoreko hitzarmena berritzeko borrokan.

Grebalariek manifestaldia egin dute Bilbon, Guggenheim Museoan hasita eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaituta. Bertan, Idoia mendiak zuzentzen duen Lan Sailaren kontraesanak salatu dituzte. Izan ere, kolektiboaren borroka ikusezin bihurtzeko eta neutralizatzeko neurriak baino ez dituela hartzen adierazi dute grebalariek, langileen % 80 baino gehiagori grebarako eskubidea eragotziz.

Era berean, hitzarmenak oinarrizko gaiak berma ditzan eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Mobilizazioek asteburuan izango dute jarraipena, Bizkaiko beste egoitzetara zabalduz. Datorren astelehenean, apirilaren 24an, langileek trafikoa etengo dute Bilboko hainbat gunetan, euren lantokietan bizi duten lan gainkarga irudikatzeko. Goizeko 7:30etatik aurrera, lau zutabe martxan jarriko dira. Moyuan dute biltzeko asmoa, 8:45ean, eta hortik Diputazioaren jauregi aurrera joango dira gosari kolektibo bat egitera.