LABek aurten hildako 18 langileak omendu ditu lore eskaintza batekin, gaur, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan. Horrekin batera, sindikatuak Bilboko Euskalduna Jauregian gauzatu den kongresua “zuriketa ariketatzat” jo du sindikatuak, eta arazoari benetan aurre egiteko neurriak hartzeko premia azpimarratu du.
“Langileok bizi dugun krisi ekosozialaren aurpegi gordina dira lan istripuak, laneko gaixoatasunak, hildakoak”, adierazi du sindikatuak. Izan ere, LABen arabera, lan osasun eskubidea egunero urratzen da eta gizarteak “atzera” egiten ari dela gaineratu du. Horregatik, lan prebentzioaren aldeko borroka indartu du Bilbon egindako omenaldian.
Gainera, kongresuari kritika egin dio ere sindikatuak. Izan ere, LABek uko egin zion Kongresuan prebentzioaren inguruko gogoetetan parte hartzeko gonbidapenari: “Ez da gure tokia; izan ere, jardunaldiotan prebentzioaz hitz egingo dela esatea irain hutsa da”.
Horrenbestez, ekintza sindikalean lan osasunaren aferari garrantzi handiagoa emango diotela azaldu du sindikatuak, atzean dauden arrazoiak azaleratu eta benetako prebentzio planak eskatuz. “Hildako bakar bat gehiegi da. Langileen aurkako indarkeria honi amaiera eman behar zaio”, adierazi du LABek.
[ZUZENEAN] LAB Sindikatua, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko egunaren bezperan, Euskalduna Jauregiaren aurrean mobilizazioa egiten ari da, bertan egiten ari baita Laneko Segurtasun eta Osasunari Buruzko XXIII ORP Kongresua. @LABbilbo pic.twitter.com/n717Wv7d20
— Bilboko Uriola (@uriolaeus) April 27, 2023