Bertaratutakoek ozen eta gogor aldarrikatu zuten lesbofeminismoa ekimen politikoa dela. Hain zuzen ere, hedabideei partekatutako oharrean adierazi zuten bezala, “Emakume guztiak sistema heteropatriarkalak haurtzarotik ezartzen dizkigun sexu-eta genero-arauak zalantzan jartzera eta desobeditzera gonbidatzen ditugu. Inoiz ez da berandu bollera izateko!”.
Antolatzaileek argi utzi nahi izan zutenez, mugimendu feministan ez dute lesbianismoa orientazio sexual gisa ulertzen, emakumeen arteko loturak, afektuak, sendabidea eta konplizitatea lehenesten dituen posizio politiko gisa baizik. “Horregatik, lesbiana izatea ez da zirkunstantziala, gorabehera pertsonala edo sexu-espektrora mugatutako zerbait”.
Halaber, botere publikoek kolektibo honekiko duen jarrera kritikatu zuten. Era horretan, bereziki adineko zein arrazializatu kideek pairatzen duten karga gehigarria salatu zuten.
Azkenik, egunaren garrantzia kontuan hartuta, iraganeko mugimenduko kideak oroitarazi nahi izan zituzten, baita etorkizunean etorriko direnei eskua luzatuta ere: “Gizarte inklusibo eta anitza eskatzen dugu, lesbiana guztien nortasuna eta borroka aitortu eta errespetatuko dituena. Horregatik, apirilaren 26an, gure arbasoak ohoratu nahi ditugu, gaudenok elkar zaindu eta etorriko direnei ongi etorria egin”.