Borroka egun osteko ajea

uriola.eus 2023ko mai. 2a, 12:28

Hainbat mobilizazio eraman ziren aurrera atzo Bilbon sindikatu desberdinen eskutik.

Eguraldi onarekin batera, milaka langile eta manifestari bildu ziren Bilboko kaleetan. CNT, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek mobilizazio desberdinak antolatu zituzten.

“Klase-independentzia erakusteko unea da”

CNT sindikatuarentzako, langileek pairatzen duten krisi kronikoaren testuinguruan, bizi kostuaren igoerak jota, “milaka pertsona langile folkloreaz haratago mobilizatzea arrakasta da”.

Bilbon ez ezik, Barakaldon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean bandera gorri-beltzaz bete zituzten berriro, “langile klasea modu autonomoan antola daitekeela erakutsiz, klase interes propioak defendatuz, patronalaren eta hitzarmen sozialeko sindikalismoaren aurrean kontrabotere lanak eginez”.

Lantokietan, kalean eta erakundeetan borrokatzeko deia

Igor Arroyo LAB Sindikatuko koordinatzaile orokorrak atzoko eguna Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan zela langileen eguna gogorarazi nahi izan zuen bere hitzaldiaren hasieran. Era horretan, haien “konpromiso internazionalista eta antiinperialista” berretsi nahi izan zuen.

“Ez gara lan baldintzak hobetzearekin konformatzen, eredua lehiatu nahi dugu. Eta horretan ari gara: Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatzeko lanean ari gara. Independentismoa aldarrikatu ez ezik, praktikan jartzea da erronka. Lan harremanetarako eta babes sozialerako ekimen zehatzak abian jartzea. Euskal Errepublika eraiki nahi duen esparru sindikal, sozial eta politikoa artikulatzea. Nor bere autonomiatik, aldaketa sozial eta politikorako agenda partekatua eratuz”

“Borrokan, irabazteko”

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, bere aldetik, patronalekin eta Gobernuekin konfrontatzeko gaitasunagatik lortzen direla defendatu zuen. Haren iritziz, konfrontaziozko eredu sindikal batekin soilik egin ahal zaio aurre langile klaseak dituen erronkei, eta ziurtatu zuen antolakuntza, militantzia eta greba funtsezko elementuak direla.

“Errealitatea ikusita, non dago herri honetako ezkerra? Gure ustez, ezkerrak adostasunak bilatzen ditu etengabe, ez konfrontazioa eta egungo politiken aurkako estrategia. ELAk ezkerraren premia somatzen du. ELAk ikusten du gabezia bat dagoela: politikan ez dago eredu sozial alternatiboaren defentsarik”.

“Soldatak igo, prezioak jaitsi, irabaziak banatu”

CCOOk eta UGTek batera egin zuten maiatzaren 1eko mobilizazioa. Bertan, prezioak jaistea eta etekinak banatzea defendatu zuten, eta EAEko patronalei ohartarazi zieten, langileen soldatak igotzen ez badituzte, "kaleetan" egongo direla eta gatazka egongo dela.

“Arrisku erreakzionarioa inoiz baino presenteago dago gure gizartean, eta ezin dugu atzera egin. Eskubideetan, askatasunetan eta duintasunean aurrera egiten jarraitu behar dugu, gehiengo sozialak hobeto bizi gaitezen”, adierazi zuen CCOO Euskadiko idazkari orokor den Loli Garciak.