Beste epai judizial bat euskara-eskakizunen aurka

uriola.eus 2023ko mai. 2a, 17:48

Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko epaitegiak Erandioko Udaleko udaltzain baten hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun data atzera bota du.

Udaltzainak helegitea jarri zion Udalari bere lanpostuak B2 mailaren derrigortasuna atzera botatzeko asmoz. Eskatutakoa lortu ez zuenez, auzitara jo eta epaileak lanpostuaren derrigortasun-data ezabatzea erabaki du. Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitan kokatu du epaia.

Sententziak errekurrituta dagoen Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako epaia baliatzen du argudio gisa, «erabat aplikagarria» dela iritziz; oraingoan ez dute lan deialdi baten kontra egin, zuzenean Erandioko udaltzaingoko lanpostuen ezaugarrien kontra baizik.

«Udaltzaingoak herritarrei zuzeneko zerbitzua ematen diela kontuan harturik, lanpostu horiei derrigortasun-data kentzeak erabat baldintzatzen du herritarrek udaltzainekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea, herritarren segurtasuna bera ere kaltetu eta baldintzatu dezaketelarik», adierazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.

Oro har, Kontseiluko eledunak adierazi du epaia ez dela gertaera isolatua, azken boladan epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik. Era horretan, bere bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, agerraldia egingo dute maiatzaren 10ean Bilbon, goizeko 11:00etan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, herritarren eskubideak murrizten ari diren eskuhartze judizialei desadostasuna agertzeko.