Ostiralean banatu ziren 2022ko Azkue literatura sariak

uriola.eus 2023ko mai. 8a, 11:32
Argazkia: Euskaltzaindia

Aurtengo edizioan, orotara, 463 lan aurkeztu dira eta epaimahaikideek idatzien heldutasuna eta kontakizunen bizitasuna nabarmendu dute.

Joan den ostiralean, maiatzaren 5ean, 2022ko Resurrección María Azkue Literatura sariak banatu ziren Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. Sariak emateko ekitaldian, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Bilbao BBKren Kultura arloko arduradunak parte hartu zuten.

Urrutiak irabazleak zoriondu zituen, eta zaletasunari eusteko eskatu zien, euskara eta literaturaren mesedetan: “Jarraitu literaturaren aukerak jorratzen, gogoz eta grinaz, jarraitu euskararen baliabide literario eta linguistikoak erabiltzen zuen formazio-prozesuan, eta, nola ez, ekin eta jarrai euskararen erabilera sustatzen”. BBK-ko Koldo Bilbaok ere izan zituen hitz batzuk sarituentzat: “Kultura-ekoizpena eta, bereziki, euskarazko sorkuntza sustatzea da BBKren apustu indartsuetako bat, eta sari hauek ildo horretan egiten dugun guztiaren adibide dira. Horregatik, jarraituko dugu Euskaltzaindiarekin elkarlanean, duela hiru hamarkada baino gehiagotik egiten ari garen bezala”.

Sari hauek 1991an izan zuten lehen edizioa, Akademiak eta BBK-k antolatuta. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat). Epaileek iritziz, maila handiko lanak izan dira 2022koak, idatzien heldutasuna eta kontakizunen bizitasuna azpimarratuz.