A, barkatu, argitu nahi nuke aukera dagoela jaioberri bat lortzeko, ez diru truk, baizik eta umea egin duen emakumeak “oparitu” egiten duelako. Berea bai eskuzabaltasuna, ezta? Beraz, ez da beti gizakien salerosketa, gizakiak oparitzea baizik. Horrela bai! bakoitzak egin dezala nahi duena, ezta?
Hasteko, “amatasun subrogatua” ez da existitzen, ezin baitira besterendu giza gorputzaren funtzioak: ezin dugu beste norbaiten ordez arnasa hartu, jan edo kaka egin, ezta?. “Haurdunaldi subrogatua” emakumeen esplotazioa eta muturreko indarkeria da, umetokia eta, beraz, emakumea bere osotasunean (giza gorputza ez baitago piezaka antolatuta) diruaren truke alokatutako merkantzia gisa erabiltzen baitira. Gainera, giza bizitza bera ere merkantilizatzen da, gizaki jaioberria erosi eta saldu daitekeen jabetza-objektu bihurtzen delako. Esan beharrik ez dago praktika hau desoreka sozial eta ekonomikoan oinarritu ohi dela; izan ere, besteentzako umeak munduratzen dituzten emakume gehienek beharragatik egiten dute, hirugarrenek haien zaurgarritasun-egoera baliatuta.
XXI. mendean indarrean dagoen giza esplotazioaren fenomeno gordinenetakoa dugu hau. Munduko lau ertzetan zabaldua, Ukrainako gudu-zelaian hasi (eskaintza ezin hobeak aurki ditzakegu une honetan) eta Kubako Iraultzaren hondarretan amaitu. Ugalketa esplotazioaren negozioa 2012an 6.000 milioi fakturatzetik 2022an 115.000 milioi fakturatzera igaro da.
Euskal Herrian, estatu mailako legediak tarteko, ez da legezkoa, baina erraztasun guztiak ditugu hemendik kanpo ume bat erosteko eta etxera ekartzeko, bueltan ez baitugu inolako oztoporik izango umea gure seme-alaba gisa inskribatzeko. Eusko Jaurlaritzako langileak bagara, gainera, aitatasun eta amatasun baimenak eta dirulaguntzak eskainiko dizkigute. Espainiar estatuko herritarrek atzerrian erositako haurren herenak Euskal Autonomia Erkidegoan inskribatzen dira (batez ere Bizkaian), 250 urtean, alegia.
Emakumeak alokatzeko eta umetxoak erosteko propaganda eskuragarri daukagu klik batean, legearen aurkakoa izan arren, ez dago inolako muga edo debekurik publikoki sustatzeko. Baina lotsagabekeriaren mailarik gorena Bilbon loratzera dator, hain zuzen ere, bertan bi ekimen burutuko baititu lobbyak, bata ekainean (XVI Congreso Anacer), bestea uztailean (Emakumeak eta Ordezkapen Bidezko Haurdunaldiaren Nazioarteko I. Kongresua). Biak ala biak ugalketa esplotazioa normalizatzera eta sustatzera datoz.
Zorionez, zenbait emakume eta talde feminista aurre egiteko antolatzen hasi dira. Dagoeneko egin dituzte ekimen batzuk kalean eta manifestu hau mugitzen ari dira, sinadurak biltzeko asmoz. Halaber, aste honetatik abiatuta, larunbatero mobilizatzera dei egin dute, 18:00etan Bilboko Barceló hotelaren aurrean.
Ezin dugu onartu Euskal Herria giza trafikoaren propagandarako oholtza izatea. Bat egin behar dugu eta geldiarazi, ezinbestean. Historiak epaituko gaitu.