Gaude eta Gorabide zaintza zerbitzuen elkarteek astebeteko greba deialdia egin dute

uriola.eus 2023ko mai. 22a, 14:40
Argazkia: LAB Sindikatua

Aniztasun funtzionalaren arloan pertsonei zerbitzu publikoa ematen duten bi elkarteak greban egongo dira aste honetan zehar. Gorabideren kasuan, gaurkoa lehenengo eguna izan da, eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan. Gaudeko langileek bihar ekingo diote grebari.

Gaur-gaurkoz entitate pribatuak dira biak, Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikoa jasotzen dutenak. LAB, ELA eta ESK sindikatuek ardurandutzat jotzen dute Gizarte Ekintzako diputatua, Sergio Murillo, nahiz ahaldun nagusia, Unai Rementeria, baita datozen hauteskundeetan azken horren ordezko hautagaia izango den Elixabete Etxanobe ere.

Sindikatuek salatu dutenez, “joan den maiatzaren 9an, ertzain baten bortizkeria neurrigabekoa tarteko, bi kide ospitalean artatu behar izan zituzten beren adierazpen askatasuna baliatze hutsagatik. Horrez gain, hainbat grebalari identifikatu, katxeatu eta, are, jarraitu zituzten”.

Gaur Gorabideko langileek hedabideek ematen dieten bisibilizazio falta salatu nahi izan dute EITBko Bilboko egoitzaren aurrean.

Bi elkarteen egoera ulertzeko, nahitaezkoa da aintzat hartzea 2021etik ari direla mobilizazioetan, 2022an lanuzteak eta 2023an hainbat greba egun (21 Gorabiden, 9 Gauden) egin dituztelarik. Aste honetan zehar bost greba egun deitu dituzte Gorabiden, eta lau Gauden. Horietan zehar, hainbat protesta ekimen eramango dituzte aurrera.