Bizkaiko esku-hartze sozialeko langileek pairatzen dituzten lan baldintzak salatzeko elkarretaratzea egin dute

uriola.eus 2023ko eka. 2a, 14:25

Sektoreko patronal nagusi den Gizardatzek bere 20. urteurrena Euskalduna Jauregian ospatu du. Horregatik, Jauregiaren aurrean egin dute langileek elkarretaratzea.

Mobilizazioa lau sindikatu desberdinek deiturikoa izan da: ELA, LAB, CCOO eta ESK. Salatu dutenez, “Sektorean dauden arazoek premiazko neurriak behar dituzte, arreta eredua, lan osasuneko segurtasun falta eta lan baldintzak aldatzeko”.

“Profesionales de lo social borrokan, ikusezina defenda dezagun” lelopean, salatu dute hirugarren sektoreak administrazio publikoen aldetk pairatzen duen utzikeria. “Erkidegoan adingabeentzako zentroen sare publikorik ez egoteaz gain, aldundiek pribatizazioaren alde egiten dute, eta duela urtebete pasata hitzarmena berritu gabe izateak erakusten du egoera jasanezina dela”.

Era berean, langileek gogor eskatu diete erakunde publikoei, erantzule zuzenak diren aldetik, sektoreko patronalen aldarrikapenei egiturazko irtenbideak emateko. Erosteko ahalmena berreskuratzea, lan osasunaren arloko neurriak hartzea (babes bereziko jarduerak, arrisku psikosozialak, lan kargak...) edo enpleguaren egonkortasuna.