Bilboko auzoetako jaien segidak ez du etenik

uriola.eus 2023ko eka. 5a, 15:22

Alde Zaharreko eta Ibarrekolandako jaien ostean, ekainaren 8tik 11ra Atxuriko auzoaren txanda izango da.

Uriolan azken asteetan egin dugun bezala, segitzen dugu Bilboko auzoetako jaien boladaren berri ematen. Era horretan, gaurkoan Atxurikoei buruz hitz egitea tokatzen zaigu; hain zuzen ere, hauek dira egutegian ditugun hurrengoak.

Ostegunean, ekainaren 8an, arratsaldean zehar bi tailer desberdinekin “Besperatxu eguna” ospatuko dute: zirku tailerra (17:00etan) eta ileapaindegi tailerra (19:00etan); ondoren, DJ More Jaiak kontzertua eskainiko du. Ostiralean, aldiz, arratsaldeko 19:30etan izango da pregoiaren txupinaren ekitaldia; jarraian, auzoan zehar ibiliko den txaranga baten ostean, DJ Gaua izango da, Hija del Nopal eta Esfinge Selektahren eskutik.

Asteburuan zehar ere jaiak jarraipena izango du. Larunbatean, goizetik gauera arte ekitaldi desberdinak izango dira. Horien artean aipatzekoak izango dira paella txapelketa, umeentzako ekintza desberdinak, lagunen arteko herri kirolak eta egunari amaiera emango dion LEHIAN! erromeria. Azkenik, igandean egunean zeharreko egitarau bete-betea izango dute bertaratzen direnek. Goizean saskibaloi txapelketarekin hasita eta arratsaldean ospatuko den Bilbi eta Atxuriko auzokideen arteko sokatira erronkarekin bukatuta.