Larunbatean milaka kantuzale euskaldunek bat egingo dute Bilbon

uriola.eus 2023ko eka. 14a, 15:16

Datorren larunbatean, ekainaren 17an, Euskal Herria Kantuz eguna ospatuko da. Ospakizunaren baitan, hainbat ekitaldi daude antolatuta hiriburuko zonalde desberdinetan.

Urtero, euskal kantu talde herrikoien sarea 2010ean sortu zenetik (Euskal Herria Kantuz), urtero ekimen bateratu bat antolatzen da, kantu taldeen topaketa, EUSKAL HERRIA KANTUZ izenpean. Bilbon, 2014an izan zen, eta 2020an berriro ere egitekoa zen, baina, pandemia dela medio, bertan behera gelditu zen. Aurten “...eta elkartuko gara berriro” leloari heldu diote antolatzaileek Bilbora bueltatzeko.

Egunean zeharreko ekintzei dagokionez, goiz goizetik hasiko dira. Goizez, 11:00etan hasita Abando eta Indautxu aldeko hiru gunetan abestuko dute Euskal Herri osotik etorritako kantuzaleek. Bazkaria eta gero, 17:00etan abiatuta, Zazpikaleetan barna, beste lau gune edo geldialdi egongo dira, kantu-zerrenda osoa abesteko. Azkenik, 19:00ak aldera, Plaza Barrian, Bai Euskarari ekimenaren 45. urteurrena dela medio, omenaldi bat egongo da.

Erramun Mendibelanda izan da eguneko kartela egin duen margolaria. Larunbatean, aipatutako jarduerez gain, jaialdirako propio sortutako liburua egongo da eskuragarri, abestuko diren abestiekin. Sakelako smartphonetarako Kantari app izeneko aplikazioan dagoeneko eskuragarri daude eguneko kantu-zerrenda eta letrak.

Bilboko Kantuzale Elkartea, Euskal Herria Kantuz (Euskal Herriko kantu taldeen sarea) eta Bilboko Konpartsak  izan dira ekimenaren antolatzaileak. Bestalde, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, EITBk, Alde Zaharreko merkatariek eta Laboral Kutxak babestu dute.