Astelehenean, ekainaren 19an, hasiko da Aste Nagusiko kartela aukeratzeko epea

uriola.eus 2023ko eka. 15a, 09:57

Ekainaren 19tik 25era bitarte bilbotarrek Aste Nagusiko 43. edizioko kartela aukeratu ahal izango dute.

2023ko Aste Nagusia abuztuaren 19tik 27ra ospatuko da. Hala, urtero legez, hiriburuko jaietako ikur den kartela aukeratzeko unea iritsi da. Aurten, epaimahaiak 6 irudi aukeratu ditu aurkeztutako 373 lanen artean: Bailando con Marijaia, Después de 40 años seguimos saliendo a flote, Nuestras fiestas, Txupinera y Pregonera, Kooloreak eta Bihotzez

Bilbotarrek euren kartel gogokoenaren alde bozkatu ahal izango dute ekainaren 19tik 25era, sistema misto bidez: AURREZ AURRE Abandoko Barrutiko Udal Zentroan – Barrainkua kalea, 5– 08:30etik 21:30era, edo ONLINE, udalaren webgunearen bidez.

Aurtengo edizioan parte hartu dutenen artean, diseinu grafikoko profesionalak eta amateurrak izan dira. Oraingoan, 373 lan aurkeztu dira, aurreko edizioan baino 34 gehiago. Horietatik 111 bilbotarrek egindakoak dira eta 84 Euskadiko gainerako lekuetakoek. Estatutik 157 diseinu jaso dira eta 21 atzerritik etorri dira: Italia, Bolivia, Buenos Aires, Portugal, Errusia, Mexiko, Nikaragua, Ekuador, Txina, Austria eta Brasildik.

Aurreko edizioetan bezala, herri-bozketa izango da erabakiaren balioaren % 66a, eta gainerako % 33a epaimahaiari egokituko zaio. Hiru bozketa horien batuketan puntuaziorik handiena lortzen duen kartela izango da irabazlea eta 3.000 euroko saria jasoko du. Epaia ekainaren 27an jakinaraziko da.