Zinegoakek bere 20. urteurrena ospatuko du

uriola.eus 2023ko eka. 21a, 18:46

Argazkia: Zinegoak

Aurtengo edizioa ekainaren 26tik uztailaren 3ra ospatuko da. Kultura emanaldiak Bilboko gune desberdinetan antolatuko dira.

Zinegoakek edizio berezia biziko du aurten. Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainean antolatuko da lehen aldiz, eta XX. urteurrena dela eta, kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera antolatu ditu. Ekainaren 23tik uztailaren 3ra, Bilboko hainbat aretotan proiekzioak, solasaldiak, arte eszenikoak, jaiak eta kontzertuak izango dira, jai eta aldarrikapen giroan.

Film luzeen sail ofizialean, 16 film lehiatuko dira jaialdiko ohiko hiru sailetan: FIK (fikziozko film luzeak, 45 minutu baino gehiagokoak), DOK (film dokumentalak, 45 minutu baino gehiagokoak) eta KRAK (narratiba berriak), Brasil, Kanada, Libano, Suitza, Portugal edo Argentina herrialdeetakoak, besteak beste.

Gainera, ikusleek hainbat solasaldi izango dituzte aurrez aurre film horietako zinemagile eta protagonistekin. Besteak beste, Alteritats dokumentalaren zuzendariak Alba Cros eta Nora Haddad Casadevall; edo Sirens dokumentalaren protagonista den Lilas Mayassi, Libanoko Slave to Sirens metal taldeko kidea.

Jaialdia ekainaren 26an hasten den arren, aldez aurretik, ekainaren 23tik 25erako asteburuan, “3, 2, 1... Zinegoak!”; aurre-jaialdia. Ostiralean, Guggenheim Museoan, Nina Menkes zinemagile independentearen Brainwashed Sex-camera-power dokumental-saiakeraren proiekzioa izango da. Larunbatean, hilak 24, Zinegoakek egun osoko programazioa antolatu du: Queer (Un) Belongings Eszter Katalinen emanaldiarekin La Sinsorgan; eta arratsaldean Bilborocken Dantzerti eta Musikenek bultzatutako “Gure garaian” antzezlanaren estreinaldiarekin, LGTBIQ+ adinekoen testigantzetan oinarrituta. Eguna Bira Kulturgunean amaituko da, “BIZI. Bisexualitatea eta euskal komunitatea” proiektuaren aurkezpenarekin, Miren Narbaiza, La Furia, DJ Eromena eta DJ Clizen musika emanaldiarekin. Azkenik, igandean, Ángeles Cruz ohorezko saridunaren eta Irantzu Varela kazetariaren arteko solasaldia egingo da Bilborocken, eta zinemagile mexikarraren hiru film labur proiektatuko dira.