Ekainak 26, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna

uriola.eus 2023ko eka. 26a, 14:07

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna. Artxiboko irudia.

Gaur, ekainak 26, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hain zuzen ere, 1997ko abenduaren 12an, 52/149 Ebazpenaren bidez, NBEren Batzar Nagusiak egun hori aldarrikatu zuen aho batez.

Gaur, ekainak 26, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hain zuzen ere, 1997ko abenduaren 12an, 52/149 Ebazpenaren bidez, NBEren Batzar Nagusiak egun hori aldarrikatu zuen aho batez.

NBEko estatu kideek dei egin dute, gizarte zibila eta mundu osoko pertsonak barne, bat egin dezaten torturaren biktima izan diren eta gaur egun torturatzen jarraitzen duten mundu osoko ehunka mila pertsonen alde.

Nazio Batuen Torturaren aurkako Konbentzioa 156 herrialdek sinatu zuten, baina debekua oraindik haratago doa, eta loteslea da baita giza eskubideen itunekin bat egin ez duten estatuentzat ere. Hala, ezein estatuk ezin du torturarik edo tratu txarrik egin, ezta inolako justifikaziorik eman ere.

Zer da tortura?

Mota askotariko definizioak aurkitzen ditugu iturriaren arabera. Honako hau da NBEk egiten duen tortura kontzeptuaren definizioa:

"Tortura terminoa pertsona bati min edo sufrimendu larriak, fisikoak zein mentalak, nahita eragiten dizkion ekintza oro da, pertsona horrengandik edo hirugarren batengandik informazioa edo aitorpena lortzeko, egin duen edo egin duela susmatzen den ekintza batengatik zigortzeko, edo pertsona hori edo beste batzuk beldurrarazteko edo hertsatzeko, edo edozein bereizkeria-motatan oinarritutako edozein arrazoirengatik, baldin eta min edo sufrimendu horiek funtzionario publiko batek edo beste pertsona batek eragiten baditu funtzio publikoetan jardutean, berak hala eskatuta, edo haren baimenarekin edo oniritziarekin”.

Torturak, mundu osoan

Tortura-ekintzak eta tratu txarrak nazioarteko zuzenbideko krimentzat hartzen dira. Era berean, egoera jakin batzuetan, gerrako krimenak, gizateriaren aurkako krimenak edo genozidio-ekintzak izan daitezke. Azken bost urteotan, Amnistia Internazionalak 141 herrialdetako tortura-ekintzen berri eman du.

Horrekin lotuta, AIk azpimarratu egin du azken urteotako Txinan gertaturikoa. Izan ere, 2020tik aurrera bereziki gora egin zuen talde etniko minoritarioen aurkako errepresio sistematikoak.