Bizkaiko ostalaritzako langileak greban

uriola.eus 2023ko eka. 29a, 18:15

Ostalaritzako langileek mobilizazioak antolatu dituzte gaur eta bihar artean, sektoreko hitzarmen duin baten beharra aldarrikatzeko.

Sindikatu desberdinek deituta (ELA, LAB, CCOO eta UGT) Bizkaiko ostalaritzako langileek bi egunetako mobilizazioei ekin diete gaur. Goizean zehar hiriburuko hotel desberdinen aurrean elkarretaratzeak antolatu ostean, Ledesma kaletik abiatuta Areatzako zubirainoko mobilizazioa eraman dute aurrera.

“Bizkaiko ostalaritzako langileak 2020tik daramatzate hitzarmenik gabe eta pandemiaren ondorioz bereziki sufritu duen sektorea da. Beraz, unea iritsi da aldarrikapena kalera ateratzeko. Hala, langile hauen eskaera nagusia soldaten eros-ahalmena mantentzea da. Bestalde, jardunaldien kontrola beste auzi garrantsitsua da zentzu honetan: mekanismo objektiboak nahi ditugu lanaldi hauek kontrola daitezen” adierazi du Janire Ornesek, ELAko ordezkariak.

“Gaurkoa bezalako mobilizazioak egitea ostalaritza bezalako sektoreetan oso tristea da. Izan ere, 30 urtetan mugitu ez den sektorea delako. Gogoan dugun mobilizazio bakarra pandemian zehar egindako izan zen, patronalari aurpegia ateratzeko, alegia. Gainera, ikusten ari gara nola Gipuzkoan hitzarmena hilabeteko tartean sinatu den, Araban mobilizazioa iragartzea soilik aski izan dela KPI-aren diferentziala mahai gainean jartzeko eta hemen, Bizkaian, mobilizazioen bigarren segidarekin gaude eta ez dugu inongo interlokuziorik izan. Beraz, gaurko mobilizazioaren zergatia patronalaren erabateko inmobilismoa da” adierazi du, bere aldetik, Iñigo Alonso LABeko ordezkariak.

Bihar, ekainaren 30ean, mobilizazioekin aurrera jarraituko dute bi hitzorduen bitartez: lehenengo, 10:00etan izango da, Bilboko Mazarredo Zumarkaleko 61. zenbakian dagoen Domine hotelaren ondoan egingo den kontzentrazioan. Arratsaldean,17:30ean izango dira adierazpenak, Bilboko Ledesma kaleko 32an.