Bilboko alkateak eta zinegotziek soldatari eutsiko diote, jaitsiera proposamena gorabehera

uriola.eus 2023ko eka. 30a, 13:14

2020ko Udal batzarra. Artxiboko irudia.

Elkarrekin Podemosek ordainsariak jaisteko egindako proposamena bertan behera geratu da eta, beraz, Juan Mari Aburtok 103.985,28 euroko soldata izaten jarraituko du.

Bilboko alkateak eta zinegotziek soldata mantenduko dute legegintzaldi berrian, Udaleko osoko bilkuran onartu ondoren. Horrela, bada, ez da Elkarrekin Podemosek ordainsariak jaisteko egindako proposamena gauzatuko.

Ostiral honetan egin da legegintzaldi berriko lehen osoko bilkura. Bertan, udal organoen antolaketa eta egitura berria onartu da; hala nola, kargu eta talde politikoen ordainsariak eta esleipen ekonomikoak.

Erabaki duten arabera, agintaldi berri honetako soldatek ez dute igoerarik izango legegintzaldi berrirako. Beraz, Juan Mari Aburto alkateak 103.985,28 euroko soldata mantenduko du urtean; alkateordeek eta arloko koordinatzaileek 94.747,44 eurokoa, eta arloko ordezkariek eta bozeramaileek 80.494,08 eurokoa.

Soldatak jaistea

Beste urte batez, Elkarrekin Podemos alderdiak Bilboko Udaleko ordezkarien soldata jaistea proposatu du. Hala ere, EH Bilduk bakarrik bozkatu du alde, eta, beraz, ez da proposamena aurrera eraman.

Proposamenak alkatearen soldata 58.320 eurotan finkatzen zuen, 51.840 eurotan alkateorde eta bozeramaileena, eta 48.600etan arloko ordezkari eta bozeramaileena.

Hala, EAJk, PSOEk eta PPk atzera bota dute aldaketa.

3,6 milioi euroko aurrezpena

Elkarren Bilbok azaldu duenez, proposamenarekin 899.233,63 euro aurreztuko lituzke urtean; hau da, 3,6 milioi euro agintaldiko lau urteetan zehar.

“Gure soldatak gehiengo sozialera eta gure herritarren soldatara egokitu behar direla uste dugu”, adierazi du Ana Viñals Elkarrekin Bilboko bozeramaileak.

Zuzenketa ez da aurrera atera, EAJk, PSOEk eta PPk atzera bota baitute.