Euskal Automia Erkidegoko herritarren defendatzaileak Aste Nagusian zehar botatzen diren suen kokapena aldatzeko eskatu dio Bilboko Udalari. Honek 2022ko abuztuaren 27an ikuskizun piroteknikoan izan zen sutearen eraginpean izan ziren bizilagunen eskaerari erantzun dio.
Horrekin lotuta, Bilboko alkateak duela hilabete batzuk iragarri zuen kokapen aldaketa aztertuko zutela, azken Aste Nagusian gertatutako sutearen ondorioz eta Hispania Nostra elkartearen eskaerari erantzunez. Erakundeak Zazpi Kaleetako bizilagunak kezkatuta zeudela jakinarazi zion Aburtori, ekintzak eragiten duen “sute-arrisku handiagatik”.
Bitartean, sutearen ondorioz kaltetutako familiek oraindik ezin dute beren etxeetara sartu, teilatuaren obrek aurrera jarraitzen dutelako. Hori horrela, peritu guztiek sutearen arrazoia su artifizialak izan zirela baieztatu bazuten ere, Udalak oraindik ez du konponbiderik bermatu.
Kasua epaitegietan dagoen arren, bizilagunek etsiko ez dutela adierazi dute Zazpi Kaleetako 200 urteko zurezko eraikinen gaineko urteko “bonbardaketa piroteknikoa” bukatu arte.