- Martxoan “Postal bat desertuan” lanarekin Donostia Kultura Poesia saria irabazi zenuen eta handik gutxira, maiatzean zehazki, liburua argitaratu zenuen. Zure lehen liburua izanik, zer suposatu zuen zuretzako zure lana publikatuta ikusteak?
Lehenengo eta behin poz handi bat. Azke finean, idazten duen edonork uste dut beti daukala halako zalantza bat idazten duen hori ona den, zerbaitetarako balio izango duen… Beraz liburua argitaratzeak, edo kasu honetan saria irabazteak, halako bultzadatxo bat ematen dizu, baita aitortza bat ere. Agian ez litzateke horrela izan beharko, baina zertifikatzen du nolabait idazten duzun horrek gutxieneko balio bat badaukala, epaimahaiaren hitzak entzutea, esaterako. Esperientzia polita, argi eta garbi.
“Argitaratzeak, edo kasu honetan saria irabazteak, halako bultzadatxo bat ematen dizu, baita aitortza bat ere”
- Nondik dator obraren izena?
Zailtasun ugari izan ditut izenburua hautatzerako orduan. Izan ere, orokorrean nire iritziz poema liburu bat nahiko heterogeneoa da: askotariko gaiak agertzen dira, estilo eta molde anitzekoak… Horregatik, hori guztia izenburu bakarrean biltzea oso zaila egin zitzaidan. Hala ere, ohartu nintzen bi elementu zeudela errepikatzen zirenak: postala eta desertuarena. Ondorioz, bi horiek izenburura eramatea erabaki nuen. Hortik aurrera, uste dut izenburu batek ez duela sekula liburu bat guztiz definitzen. Edozelan ere, esango nuke hautatutakoa kontatu nahi izan dudan horretatik oso gertu dagoela.
- Nola deskribatu zenuke liburua?
Hainbat elementu jorratzen dituen liburu bat bezala: bizi dugun mundua edo gure ingurunea habitatzeko dugun moduak eta horiek sortzeko existitzen diren tentsioak, deserrotze sentimenduak, horren aurrean hartzen ditugun jarrerak… Funtsean uste dut bi plano nahas daitezkeela: batetik, aipatutako tentsio moduko hori bizi dugun munduaren eta mundu hori abitatzeko dugun formen ingurukoa, eta bestetik, horren aurrean hartzen ditugun jarrerei buruzkoa.
- Poema ugariz osatutako liburua da. Zer da poema sorta elkartzen duena? Ba ote dago ordena konkretu bat segitzeko helbururik?
Ordenari dagokionez, nola antolatu pentsatzen ibili nintzen, sailkapen formal edo estilistiko bat egitea, alegia. Hala ere, geroago, iruditu zitzaidan tonu konpartitu bat zegoela., idazkera edo gai bat errepikatzen zelako, esaterako. Ondorioz, nik koherenteago ikusi nuen hori ez zatitzea eta nolabait hor sartzen diren oihartzun eta harreman guzti horiek irakurketa prozesuan identifikatu behar izatea. Horrela, sare bat osatzea, gero, irakurketaren bidez, irakurleak osatu beharko lukeena.
- Poemen artean batzuk beste poema bat dute abiaputu. Zergatik?
Horrek bi arrazoi izan ditzake nire ustez. Lehenengoa, aitortza bat. Alegia, nire iritziz inork ez du zerotik idazten eta denok dauzkagu gure erreferentziak. Zentzu horretan, ni oso argia naiz, ez daukat inongo konplexurik edo lotsarik esateko: “nik poema hau beste honetan oinarrituta idatzi dut”. Bigarrena, aldiz, beste poema edo figura literario bat jartzeak eman dezake pistaren bat zu idazten ari zaren horri buruz.
“Nire iritziz inork ez du zerotik idazten eta denok dauzkagu gure erreferentziak”
Hortik aurrera, beti daude arriskuak zita gehiegi erabiliz gero. Beraz, garrantzitsua da niretzako horren harira neurria hartzea. Dena den, esan bezala, zentzu horretan nik pertsonalki ez dut inongo arazorik erabilpen hori aitortzeko.
- Formazioz euskararekin lotutako ikasketak egin dituzu (Euskal Ikasketetan graduatua eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketen masterra). Hortaz, esan liteke aspaldidanik daukazula hizkuntzarekiko lotura. Zer paper jokatzen du harreman horretan poesiak?
Niretzako poesia hizkuntzaren beste erabilera bat da. “Hizkuntza” horrela esanda, uste dut oso zabala dela. Badaukagu hizkuntza bat gure eguneroko komunikaziorako, beste bat testu akademikoak sortzeko eta beste bat beste edozertarako. Era horretan, poesia hizkuntzaren beste erabilera bat da, zentzu estetikoago batera edo edertasunera bideratuta dagoena. Beraz, harremana hor ikusten dut nik, hizkuntzaren beste erabilera bat bezala.
"Poesia hizkuntza erabiltzeko modu bat da, zentzu estetikoago batera edo edertasunera bideratuta dagoena"
- Beraz, nondik datorkizu idazmenerako zaletasuna?
Ba ez nuke jakingo erantzun bat ematen. Gaztetan ez nintzen inoiz bereziki literatur-zale amorratua izan. Gutxi gorabehera esango nuke Batxillergoko garaian piztu zitzaidala zaletasuna; azken finean, adin batetik aurrera kezka batzuk hasten direlako gure barruan hazten. Gerora, unibertsitate garaian hasi nintzen ni neu zeozer idazten.
“Gaztetan ez nintzen inoiz bereziki literatur-zale amorratua izan”
- Zure kasuan, idazle bezala, zer ematen dizu poesiak?
Hizkuntzarekin jolasteko genero bat da. Ikuspuntu ludikoago batetik helduta, hizkuntzari beste erabilera bat emaeko aukera. Bestalde, gure nahiak, gure ametsak adierazteko modu bat da poesia bakarrizketa ariketa izan daitekeena, inon publikatzeko asmorik ez denean bereziki. Ondoren, publikatzerako orduan, irakurlearekin komunikatzen ari zara.
- Nola deskribatuko zenuke gaur egungo poesiak bizi duen egoera? Eta gainontzeko literatur motei dagokienez?
Idazleei dagokienez, nik uste badela jendea idazten duena, baita gazte jendea ere. Hala ere, argitaratuko dugunok izerbergaren punta gara, nolabait esateko; izan ere, horren atzean ziur badagoela jendea idazten duena, baina agian ez duena zorte hori izan.
Horretaz gain, elkarrizketaren abiapuntu izan den sariketa gogoroa ekarrita, uste dut gaur egun asko tiratzen dela gisa horretako sariketetatik. Izan ere, horiek oso aukera ona izan daitezke, batik bat egile berriek argitaratzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko.
Sektoreak bizi dituen baldintzei dagokienez, ni neu hasi berria naiz mundutxo honetan, beraz ez dut esperientzia handirik horri buruz hitz egiteko. Edozelan ere, pertsonalki ez dut espektatiba handirik honetatik bizi ahal izateko. Nire ikuspuntutik, gaur egun Euskal Herrian poesiatik bizitzea ezinezkoa da eta, seguruenik, hortatik bizi nahi duenak bestelako lan batzuk egin beharko ditu. Nire kasuan, etorkizunean ez dut nire burua ikusten soilik idaztetik bizitzen.
“Gaur egun Euskal Herrian poesiatik bizitzea ezinezkoa da eta, seguruenik, hortatik bizi nahi duenak bestelako lan batzuk egin beharko ditu”
- Momentu honetan proiektu berririk daukazu esku artean?
Etorkizun laburrera ez dut aurreikusten beste argitalpenik. Denbora gutxi pasa da lehen liburu honen argitalpenetik. Horregatik, burua liburuaren dinamikan sartuta daukat oraindik; argitaratzeak suposatzen duena ekintza horiek guztietara emana, hain zuzen. Beraz, momentuaz gozatzen ari naiz eta geroago etorriko dena etorriko da.