Atxuriko Jai Batzordeak prentsa oharra publikatu du aurtengo jaietan jazotako gertaera bat salatzeko

uriola.eus 2023ko uzt. 12a, 11:47

Aurtengo jaiak ekainaren 8tik 11ra ospatu dira. Egun horietan zehar norbanako batek jai giroan landeriazko grabazioak egin zituela salatu du Jai Batzordeak.

Salatutako gertaerak ostiral gauean, ekainaren 9an, jazo ziren. Jai Batzordeak adierazi duenez, “plazako jai-giroaren goxotasunean, auzokide eta bisitarien artean eraikitako giro ezinhobean, mugikorrak eta kamerak zituen gizon bat landeriazko grabazioekin aritu zen, ziurrenik Tiktok bezalako sare sozialetara igotzeko, bere arropan iragartzen zuen bezala”. 

Eragilearen arabera, festaz gozatzen ari zirenek behin baino gehiagotan grabatzen uzteko edo aldentzeko eskatu zioten, baina honek ez zien kasorik egin. Dirudienez, bertaratutako norbaitek gizona identifikatu zuen, “kutsu arrazistako grabazioak egiten dituen tiktoker gisa eta sare sozial horrek kontuak etengabe ixten dizkiona”. Horren ondorioz, “pertsonen landeriarekin eta gutxiespenarekin zerikusia izan zezaketen arrazoiengatik”, festetatik kanporatua izan zen, “autodefentsa kolektiboko ekintza batean”.

Handik egun batzutara, tiktokerrak jarritako salaketa baten eraginez, poliziak hainbat pertsona identifikatu zituen ondorengo egunetan. Gainera, Batzordeak gogoratu duenez, igandean auzora hurbildu zen berriro ere aurrera eramaten ari ziren jarduerak grabatzen jarraitzera. 

Bada, ohar honen bitartez, Atxuriko Jai Batzordeak aipatutako ekintzak gaitzesteaz gain, babes osoa erakutsi nahi izan die identifikatuei eta “eraso matxistarik, arrazistarik eta lgtfobikorik gabeko jaiak izateko lanean” jarraitzeko asmoa adierazi nahi izan du.