EITBko Erabiltzaileentzako Arreta Zerbitzuan (EAZ-CAU) ziharduten bost langileak legez kanpo azpikontratatuta zeudela adierazi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Horrekin batera, enpresako beharginak direla zehaztu du epaitegiak, lau urteko ibilbide judizialaren ostean.
LAB Sindikatuaren arabera, enpresaren asmoa langileak soldatarik baxuenetakoa duten lanpostuetan jartzea da; hau da, EITB-Enteko lan-hitzarmenean erabiltzen ez den kategoria batean.
Horrenbestez, Enteko Langile Batzordeak lanuzteak deitu ditu uztailaren 17 aste osoan zehar.
Gatazka
2019an, EAZ-CAUn ziharduten bost langilek lagapen ilegala salatu zuten LAB Sindikatuaren bitartez. Nahiz eta ikuskaritzak langilei arrazoia eman, EITBko zuzendaritzak ez zuen ebazpena onartu eta Bilboko epaitegira eraman zuen auzia.
2022an, epaiak berretsi zuen ikuskaritzak esandakoa; beharginak legez kanpo utzita ari zirela EITBrentzat lanean, hain zuzen ere.
Lau urteren ostean, bost langilei arrazoia eman die bai Lan Ikuskaritzak, eta baita Bilboko epaitegiak eta EAEko Auzitegi Nagusiak.
Gaineratu beharra dago, orain bost lankideak eta INETUM enpresarentzat lan egiten zuten gainerako langile guztiak EITBtik kanpo daudela.
🔴 Erabiltzaileentzako Arreta Zerbitzuko bost langile EITBkoak direla aitortzea lortu dugu epaitegietan
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) July 11, 2023
➡️Lau urteko ibilbide judizialaren ostean frogatu ahal izan dugu langileok legez kanpo azpikontratatuta zeudela eta EITBko beharginak direla
🔗https://t.co/nuaJqqcwkN pic.twitter.com/x0Iu0m47vQ