Sindikatuek salatu dutenez, “UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla”. Dirudienez, aurten onartutako lege organiko baten bitartez (Sistema Unibertsitarioko Lege Organikoa/LOSU), arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoen lan-baldintzak aldatu egingo ditu EHUk.
“Arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera”.
Antolatzaileak kritika sendoa egin dute ordezkapen politika honek sektore honetako langile guztiengan izango dituen eraginen inguruan. Era horretan, hurrengo ondorioak aipatu dituzte: lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handitzea, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, irakasle guztien irakaskuntza zama gogortzea eta irakaskuntzaren antolaketa lana zailtzea.
Zentzu horretan, EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu ostean, honako aldarrikapenak plazaratu dituzte: lanaldi osoko irakasle eta ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak lanaldi osoko kontratuekin betetzea, lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea eta Eusko Jaurlaritzari esparru honetara bideratutako baliabide ekonomikoak bermatzea eta EHUko zuzendaritzari finantziazio gehigarri horren beharra adieraztea. Azkenik, aipatutako eskaerak gauzatzeko aurrerapausorik ikusi ezean greba deialdia egiteko asmoa erakutsi dute irailetik aurrera.