Bilboko Konpartsek aurtengo Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute

uriola.eus 2023ko abu. 4a, 12:50

Areatzako kaian antolatutako ekitaldi baten bitartez, 2023ko edizioak izango dituen berezitasunak azaldu dituzte.

Aurtengo jaietan Konpartsek 500 ekintza baino gehiago eramango dituzte aurrera abuztuaren 19tik 27ra bitarte. Horretaz gain, aurtengoan garrantzi nabarmena izango dute 83ko uholdeen osteko elkarlana gogorarazteko ekitaldiek; izan ere, gertakizunaren 40. urteurrena izango da 2023koa.

Aurtengo programazioan ere badira urteroko ezinbesteko hitzordu aipagarriak, Lehiaketa Gastronomikoa eta aurten 25 urte beteko dituen Hiri Krosa esaterako. Hala ere, lehiaketa berrientzako tartea ere izango da, hala nola: skate eta rap/hip-hop lehiaketak, adibidez.

Programazio musikalari dagokionez, eskaintza ugaria eta kalitatezkoa prestatu dute. Kristonak, J Martina, Xiberoots eta beste askok 9 egun horietan zehar giroa alaituko dute. 

Programazioa ikusteko bitartekoak

Programazioaren berri emateko 15.000 liburuxka atera dituzte, baita kartelak, eta sakelakoetarako APP bat ere. Aurten, baina, aplikazioa ez dute Google Play eta Apple Storen jarriko arrazoi etiko eta praktikoengatik. WebAPP bat izango da, beraz, hemendik aurrera app.bilbokokonpartsak.eus helbidean eskuragarri izango dena. 

Nabarmendutako ekintzak

Esan bezala, 1983ko uholdeei aparteko garrantzia eskainiko zaie aurtengo jaietan. Hala, egun horietan bilbotarrek aurrera eramandako ahalegin kolektiboa gogorarazi nahi dute. Horren harira, Bilboko Konpartsak Federazioak, “Elkarlan Uholdea” kanpaina egin du aurten, konpartsek egun horietan izan zuten rol garrantzitsua nabarmendu eta elkarlanaren balioa azpimarratzeko. Bada, kanpainari amaiera emateko oroimen ekitaldia antolatuko dute abuztuaren 26an, 13:00etan, Plaza Berrian, hainbat lekuko eta artistaren ekarpenekin. Horrexegatik, aurtengo ediziorako, tirada laburreko edalontzi berrerabilgarri berezia atera dute, uholdeen irudiekin apaindua. 

Bestalde, Txupineren egunean, abuztuaren 24an, Xabi Aburruzagak egindako abestia aurkeztuko dute. Abestia, txupinera guztien gorazarrea izango da, baina batez ere, aurten zendutako eta konpartsen federazioko lehendakari eta txupinera izandako Lurdes Luqueren omenezkoa.

Azkenik, gogorarazi nahi izan dute ez dutela inolako erasorik onartuko eta txupin garbi bat izateko deia egin dute.