Pistoa eta sukalkia izango dira 2023ko Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoaren nobedadeak

uriola.eus 2023ko abu. 8a, 15:05

Argazkia: Bilboko Konpartsak

Bilboko Konpartsek aurtengo gastronomikoa aurkeztu dute gaur Erriberako Merkatuan. Garazi Askasibar eta Iñigo Iglesias Bilboko Konpartsen eledunek aurtengo edizioko berezitasunak azaldu dituzte.

2023ko Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoak bi nobedade izango ditu: pistoa eta sukalkia. Lehenengoaren kasuan, plater %100 bejetala izango da eta lehiaketan janari jasangarri zein osasungarrienerako egun bat izateko konpartsek hartu duten konpromisoari erantzuten dio; zehaztu dutenez, lehiaketan parte hartzeko, platerak ezin izango du arrautzarik eraman. Bigarrenari dagokionez, ordea, osteguneko (abuztuaren 24) bakailaoa bizkaitar erara kendu eta, haren ordez, sukalkia jarri dute, Bizkaiko jai askotan ezaguna den txahalki gisatu samurra patatekin. Hala, festetako gisatuak eta tabernetako kazolak uztartzea helburu dute konpartsek lehiaketako plateren aukerarekin.

Abuztuaren 21etik 27ra bitartean, egunero izango da sukaldaritza lehiaketaren bat Bilboko Areatzan.

Lehiaketa gastronomikoen egitaraua

Egunez egun, horrela geratu da lehiaketa: 21ean, astelehenean, pisto % 100 begetala; 22an asteartean, patata tortilla; 23an, asteazkenean, txipiroiak tintan; 24an, ostegunean, sukalkia; 25ean, ostiralean, bakailaoa pil-pilean; 26an, larunbatean, marmitakoa eta 27an,  igandean, buztana. Azken igandean ere, sari orokorrak banatuko dira, lehiaketa guztietan eskuratutako postuak kontuan hartzen dituztenak. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten kategoria bakoitzeko 5. postura arte banatuko dira sariak.

Bestelako jarduerak

Lehiaketak ez ezik, sukaldaritzarekin zerikusia izango duten bestelako ekintzak ere eramango dira aurrera. Lehendabiziko igandean, hilaren 20an, 0 Km-ko barazkiak eta txahalki hanburgesak izango dituen Eusko Label parrillada batekin hasiko dira. Bertaratutakoek tailer gastronomikoez gozatu ahal izango dute ondoren: asteazkenean 23, erlezaintza tailerra; ostegunean 24, kontserba tailerra; ostiralean 25, euskal ardoen dastaketa tailerra; eta larunbatean 26, beste parrillada bat, hau Eusko Labeleko hegaluzearena. Gainera 0 km-ko produktuak erosi ahal izango dira Aste Nagusiko bi igandeotan hilaren 20an eta 27an, bi egunetan gure baserritarren azoka bat izango delako: Gure Lurreko Merkatua izenekoa. Horretaz gain, Gastrotxiki (txikientzako gastronomia tailerra) egongo da astelehenean, asteazkenean eta ostiralean.

Arau nagusiak

Izen-ematea lehiaketaren egunean bertan egin beharko da, hamar t’erdietan, kazolen aurkeztea ordu batetik, ordu bat eta erdietara izanik, eta sari-banaketa ordu biak eta laurdenetan. Platerak Areatzan bertan prestatu behar dira jendeari begira, gasarekin sukaldatuta, bertako lurzorua babestu beharko da zikindu ez dadin eta aldez aurretik ezer eginda ekarri gabe. Gutxienez hiru anoa egon behar dira kazola bakoitzean eta bi kategoria egongo dira: orokorra eta konpartsena.