Muntaketa lanak abuztuaren 19ra arte luzatuko dira. Urtero bezala, 110.000 kilotik gora mekanotubo, 1.500 panel inguru, 1.000 litro margo baino gehiago, elkarlana eta 400 bat konpartsakideren izerdia izango dira hurrengo egunetan zehar protagonista Areatzan.
Txosnen dimentsioek exijituta, konpartsakideek euren buruak babesteko beharrezko segurtasun neurriak erabiliko dituzte prozesu osoan zehar.
Antolatzaileek lan hauek suposatzen duten elkarlana eta ahalegin ekonomikoa azpimarratu dute. “Herriak herriarentzat egiten duen lana bada ere, dena ezin da irribarrez eta laguntasunez ordaindu, are gehiago, bizi dugun inflazio garai honetan”. Zentzu horretan, 1983ko uholdeen ostean konpartsek egindako inbertsioa aipatu dute esfortzu horren adibidetzat.
Bestalde, antolatzaileen arabera konpartsa guztiek ez dituzte gaur hasiko muntaketa lanak. Izan ere, fase honekin beste urte batzuetan baino lehenago hasteko baimena lortu duten arren, dirudienez konpartsa guztiek ezingo dira gaur hasi lanean, trafikoarekin lotutako arrazoiak tarteko. Era berean, gogorarazi dute txosna guztiak ez direla egun berean bukatuta egongo. Hala, aurreikusi dutenez, Kaskagorri konpartsaren txosna izango da amaitzen azkenetarikoa, gainontzekoekin alderatuta erabiltzen duen material kopuru handiagoagatik.
Azkenik, eraikuntza faseak Bilboko Konpartsen proiekturako suposatzen duen garrantzia azpimarratuz eman diote ekitaldiari amaiera. “Muntaketan bereziki garrantzitsuak dira konpartson balore komunak, auzolana, elkarlana eta autogestioa, alegia, guztion neurriko Aste Nagusia osatzeko”.