Triangune, Aixeberri eta Zaratas, jai giroa Areatzan

uriola.eus 2023ko abu. 18a, 12:47

Bihar hasiko da 2023ko Bilboko Aste Nagusia eta, horregatik, gaurko honetan Areatza inguruan kokatuta dauden konpartsen kideekin izan gara: Aixe-berri, Zaratas, SinKuartel, Bizizaleak eta Mekaguen.

Hala, konpartsa bakoitzak antolatu duen egitaraua eta txosna apaintzeko gaia gertutik ezagutzeko aukera izan dugu.

Aixe-berriren kasuan, osasun publikoaren defentsa hautatu dute aurtengo txosna apaintzeko gaitzat. Urtero bezala, kontzertu potenteak eskainiko dituztela iragarri dute, besteak beste: Xiberoots, Lehiotikan eta beste asko. Gainera, kontzertuak ez ezik, albokariak eta capoeira bezalako ekintza anitzak ere eramango dituzte aurrera.

Zarataseko kideek, euren aldetik, adin guztientzako ekitaldiak iragarri dituzte aste osorako. Goizetan umeentzako ekintzak eta arratsaldetan musika talde ugarik joko dute.

SinKuartel, Bizizaleak eta Mekaguen konpartsek, ordea, Triangune zonaldea osatzen dute; gune internazionalista, ekologista eta antimilitarista izanik. Aurreratu dutenez, umeentzako zein helduentzako eskaintza izango da aste osoan zehar: tango, dantza plaza, kontzertuak... Horretaz gain, asteazkenean, abuztuaren 23an, Triangune eguna ospatuko dute.