Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko erasoen aurkako protokolo eta dinamikak aurkeztu dituzte

uriola.eus 2023ko abu. 18a, 13:42

2023ko Aste Nagusiko hasieraren bezperan, Bilboko Konpartsen erasoen aurkako lantaldeak festaz josita datorren asterako prestatu duen protokolo eta dinamikak aurkeztu ditu.

Bihar ospatuko da arratsaldeko 19:00etan aurtengo Aste Nagusiko txupina, Arriaga Antzokian. Hala, joan den Aste Nagusitik, datozen jaietan edozein eraso jasan dezaketen pertsonentzako arreta eta zaintza hobetzeko lanean aritu da lantaldea. Horretarako, konpartsakideen eta hainbat gizarte-talderen laguntzaz, eta baita tailerren eta prestakuntza berezien bidez ere, protokoloak eguneratu dituzte, eraso sexista, lgtbfobiko eta arrazista guztiei aurre egiteko.

“Jendearentzat hurbilagoak eta ez hain bortitzak diren jai herrikoiak lortzeko, ongi etorria eman nahi diegu pertsona guztiei baina ez jarrera guztiei” adierazi dute Nerea Matute eta Ibai Garcia Bilboko Konpartsak Federazioaren hizlariek.

Kartel berria

Horren harira, erasoei buruzko kartela eguneratu dute. Horren bitartez, konpartsak edozein indarkeria motaren aurrean leku segurua direla adierazi nahi dute. Zentzu horretan, dagoeneko erabiltzen ziren hizkuntzei (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta arabiera) beste bat gehitu zaie (wolof-a).

Bilboko Mugimendu Feministarekin saretzea

Konpartsek aurrera eraman duten lan feministaren baitan, aurtengo edizioan Bilboko Mugimendu Feministarekin duten saretzea azpimarratu nahi izan dute hizlariek. Horren harira, gaur, arratsaldeko 19:00etan, Arriagan bukatuko den agerraldi feminista masiboan parte hartzeko deia egin dute. Azkenik, aurtengo jaietan erasoak salatzeko eta konplize izateari uzteko eskatu dute.