Algara, Piztiak eta Uribarri, dena prest 2023ko Aste Nagusia hasteko!

uriola.eus 2023ko abu. 19a, 12:25

Gaur hasiko da 2023ko Bilboko Aste Nagusia eta, horregatik, gaurko honetan hiru konpartsa desberdinen kideekin izan gara: Piztiak, Algara eta Uribarri.

Hala, konpartsa bakoitzak antolatu duen egitaraua eta txosna apaintzeko gaia gertutik ezagutzeko aukera izan dugu.

Algararen kasuan, argi dute euren asmoa Bilboko eta Bilbo inguruneko euskaldunen bilgune izatea dela. Aurtengo txosna apaintzeko gaiari dagokionez, euskarak historikoki jasan dituen erasoak izango dira. Zentzu horretan, ekitaldi desberdinak antolatuko dituzte egunez zein gauez. Horretaz gain, egun bereziak ere iragarri dituzte: astelehenean, abuztuaren 21ean, euskara ikasleen eguna eta ostiralean, abuztuaren 22an, Bilbo Hiria Irratiaren eguna. Bestalde, gauez musika talde ugarik eta zenbait DJek jai giroa animatuko dute.

Piztiak, bere aldetik, konpartsa antiespezista da. Berritasun bezala, aurten konpartsaren txosnak eszenatoki propioa izango duela iragarri dute. Espazio horretan antolatuko dituzten kontzertuez gain, egunean zehar umeentzako tailerrak antolatuko dituzte baita ere.

Uribarri konpartsa, aldiz, Uribarriko auzoarekin lotuta dagoen konpartsa dugu. Adierazi dutenez, 1983ko uholdeen 40. urteurrena hautatu dute txosna apaintzeko gai bezala. Egitarauari begira, urtero bezala umeentzako tailerrak prestatuko dituzte (talo tailerra, esaterako), baita zenbait kontzertu ere.