Abian da 2023ko Bilboko Aste Nagusia

“Bilbon konpartsarik barik, ez dago Aste Nagusirik”

uriola.eus 2023ko abu. 20a, 10:55

Urtero bezala, Arriaga Antzokiko balkoitik jaurti da aurtengo Bilboko jaiei hasiera eman dien txupina. Abuztuaren 19tik 27ra, hamaika ekitaldi antolatuko dira egunero, bertaratzen den pertsona orori aisialdi plan bikaina eskaintzeko asmoz.

Abuztuaren 19ko arratsaldeko 19:00etan abian jarri da 2023ko Bilboko Aste Nagusia. Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo izango dira, hurrenez hurren, aurtengo txupinera eta pregoilaria. Hala, bi emakumeen eskutik, Arriaga eta Areatzako zonaldeak bete dituzten guztiek gogotsu ekin diote jaien hasierari.

Larunbat honetan beroa nagusi izan den arren, horrek ez du eguneko giroa eskastu; are gutxiago, arratsaldeko hasieratik jendez lepo egon dira Bilboko Alde Zaharreko kaleak.

Beroari musika eta parrandaz aurre eginez

Aurreko edizioetan izan den moduan, konpartsen jaitsierarekin eman zaio eguneko egitarauari abiada. San Anton zubitik hasita, Arriaga Antzokiraino aparteko jai giroa sortu dute konpartsek. Izan ere, bidean eragindako ilusio eta pozaren eraginez, Alde Zaharreko zenbait bizilagunek urez betetako baldeak bota dizkiete konpartsakideei, egunaren beroari aurre egiten laguntzeko asmoz.

Barrenak mugitu dituen txupina

“Bilbon konpartsarik barik ez dago Aste Nagusirik”, hala ekin dio Aiora Renteriak txupina jaurti aurretiko “hitzaldiari”. Zea Mays taldearen abeslariak “Negua joan da ta” abesti ospetsuaren moldaketa eskaini die bilbotarrei. Aurtengo edizioan 83ko uholdeek hartuko duten garrantziari keinu eginez, bertaratu direnak hunkitu ditu Renteriak.