Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko polizia bortizkeria salatu dute

uriola.eus 2023ko abu. 23a, 14:17
Argazkia: Bilboko Konpartsak

Bilboko Konpartsen Federazioak agerraldia egin zuen atzo Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, lehiaketa gastronomikoan zegoen bitartean.

Aste osoan zehar izango den bezala, ekitaldi gastronomikoak ospatu ziren atzo Areatzan. Hala, Juan Mari Aburto alkatearen presentzia aprobetxatu zuten konpartsek lehendabiziko jai egunetan txosnagunean pairatutako polizia bortizkeria salatzeko. 

“Iaz udalarekin izandako elkarreragina goraipatu bagenuen ere, aurten, egoera erabat aldatu da. Iazko Aste Nagusian gertatutako eta aurten sare sozialetan ikusi ditugun manteroenganako eraso polizialak ahaztu barik, salatu behar dugu, aurtengo Aste Nagusian, indarkeria hori jaigune osora eta konpartsakide guztiengana zabaldu dela” adierazi zuen Konpartsen Federazioak adierazpen baten bitartez.

Era horretan, jaiak hasi direnetik udaltzainekin bizi izandako zenbait gertaeren berri eman zuten, besteak beste: txupinaren egunean pregoilariari, txupinerari eta Jai Batzordeko kideei motxilak arakatzea (gainontzekoei ez bezala) eta txupina bahitzea; jaigunean kokatutako manteroen eta euskararen aldeko eta erasoen aurkako pankartak kentzea eta udaltzaingoak bi manteroei euren lan-tresnak kentzea. 

Konpartsakideek pairatutako arazoa

Bestalde, Kranba konpartsako kide batzuk bizi izandako gertaera azaldu zuten: “Federazioaren parte den Kranba txosnaren alde batean bi mozkor txiza egin ari zirela, Kranbako konpartsakide batzuk gerturatu zitzaizkien, txosnaren esparrua errespeta zezaten eskatzeko. Eskaera horren aurrean, txiza egiten ari ziren pertsonak oldartu, eta konpartsakideei eraso egin zieten. Horrek liskarra piztu, tentsioa sortu eta gure konpartsakideak defendatu behar izan ziren erasoaren aurrean. Erasotutako konpartsakideek, gainera, mehatxuak jasan zituzten: “cuando esté de uniforme te voy a hacer la vida imposible, y cuando no, te voy a matar” eta “como toques a mi novio te mato”. Momentu horretan, mehatxugileetako batek zerbitzuz kanpoko poliziatzat identifikatu zuen bere burua, eta segituan, 30 bat udaltzainek konpartsakideak inguratu zituzten kolpeen artean, hasierako erasotzaileek ihes egin zuten bitartean.

Azkenean, istiluen kontrako materialez hornitutako poliziek konpartsakideak inguratu, identifikatu eta kalean geldirik eduki zituzten ordu erdi baino gehiago. Hori gutxi balitz, konpartsakideen abokatua heldu zenean, hura identifikatu, eta ez zioten konpartsakideengana gerturatzen utzi. Udaltzainetako batek, hala ere, Kranbako kideei onartu zien ezin zuela sinetsi konpartsakideen kontra erabilitako indarkeria polizialaren neurrigabekeria. Mozkor batekin hasi zena jai gunearen kontrako eraso bilakatu zen”.

Ekintza konkretu batzuetatik haratagoko irakurketa

Adierazi dutenez, aipatutako gertaerak “ezin dira modu isolatuan ulertu”. Alegia, haien iritziz, “jazarpen horien atzean, jai eredu herrikoi, parte hartzaile, feminista eta euskaldunaren aurkako estrategia politiko zehatz bat ezkutatzen da”.