Alderdi positiboa zein negatiboa izan duen Aste Nagusia

uriola.eus 2023ko abu. 29a, 15:26

Bilboko Konpartsen Federazioak irakurketa positiboa eta negatiboa egin du aurtengo jaien inguruan.

“Elkarlan uholdea” izan da, 1983ko uholdeen omenez, aurtengo jaietan lema erabiliena. Hala, 2023ko jai hauetako partaidetza (lehiaketa gastronomikoetan eta hiri krosean, esaterako), ekintza berriak (lehiaketa gastronomikoetan izandako aldaketak eta skate edo rap tailerrak) eta herriaren harrera izan dira balorazio positiboa egiteko elementuak.

Edozelan ere, aipatu bezala, ez dute aipatu gabe utzi jaien alderdi negatiboa. Era horretan, erasoak, nagusikeria poliziala eta tarteka gorabeheratsua izan den Udalarekiko elkarlana nabarmendu dituzte. Lehenengoen kasuan, batez ere, eraso sexista, lgtbfoboak, lodifoboak, arrazista eta poliziak izan direla zehaztu dute.

Marijaiaren merkantilizazioa

Bilboko jaietako ikur den Marijaiak ere aparteko garrantzia izan du aurtengo edizioan. Izan ere, konpartsek ikur honen merkantilizazioa salatzeko ekitaldia antolatu zuten joan den larunbatean.

Higatutako hartu-emana

Joan den urtean Udalarekiko izandako harremana egokitzat deskribatu duten arren, aurtengoan egoera hala izan ez dela salatu dute. Zentzu horretan, aipatzekoak dira salatutako Marijaiaren merkantilizazioan Udalak jokatutako papera eta astean zehar poliziarekin lotutako gertakariak. Alabaina, azken horren harira, honakoa adierazi dute konpartsek: “udaltzain mozkorren gertakarian agenteen portaera bortitza eta korporatibista salatu genuen asteartean baina, tamalez, Aburtok ez ditu Udaltzaingoaren nagusikeria eta bortizkeria aitortu nahi izan, babesa eman die, aitzitik, erantzukizuna liskarra sortu zuten bi agente mozkorren portaeran fokatuz”.

Hala eta guztiz ere, harreman hori hobetzeko asmoa erakutsi dute.

Eskertzak

Azkenik, edizio honetan berebiziko garrantzia izan duten bi pertsonari eskerrak emanez bukatu nahi izan dute balorazioa: Aiora Renteria pregoilariari eta Izaskun Pinedo txupinerari. Bestalde, aurtengoan txupineraren figurak hartu duen pisua aintzat hartuta, Xabi Aburruzagak konposatutako abestia ere goraipatu nahi izan dute.