2023-2024 ikasturteko euskaltegietako matrikulazioa zabaldu du gaur AEK-k

uriola.eus 2023ko ira. 4a, 15:24

Argazkia: AEK

Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak ekitaldia antolatu du gaur goizean Bilboko Euskaltzaindaiaren egoitzan. Bertan, 2023-2024 ikasturteko aurkezpena egin dute.

Zabalik dago jada 2023-2024 ikasturterako matrikulazio kanpaina. Plaza Berrian Euskaltzaindiak duen egoitzan, eragilearen koordinatzaile nagusi den Alizia Iribarrenek hartu du hitza.

Dagoeneko 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan AEK-k. “Euskara ikasi-hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirau, eta ikasle-irakasleen ahaleginari esker, euskalduntzen prozesuan aurrera egin dugu. Zinez espero dugu herritar gehiago hurbilduko direla euskaltegietara. Herritarrek AEKn aukera ezberdin ugari dute hasiko den ikasturtean” adierazi du Iribarrenek.

Dirulaguntzen garrantzia

Eragilearen koordinatzaile nagusiak erakunde askok euskara ikasteko dirulaguntza lagungarriak ematen dituztela azpimarratu nahi izan du; bereziki, EAEn B2ra arteko ikasketa prozesua doakoa (maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialean lortuz gero) izateari  eman dio garrantzia. Gainera, gogoratu duenez, aukera hori C1 mailara zabalduko da 30 urtetik beherakoentzat.