Agerraldian Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak hartu du hitza. Bere hitzaldian zehar, argi utzi nahi izan du “negoziazio kolektiboan borrokak ugaritzearekin batera, lan eta bizi baldintzak duinak bermatzeko aldaketa politikoen alde egingo duela LABek”.
Zentzu horretan, egungo testuinguruan langileen bizimodua zailtzen duten baldintzak aipatu ditu: eros ahalmenaren galera, elikagaien prezioen igoera, hipoteken garestitzea, zerbitzu publikoen ahultzea, zaintza krisia edota lan osasunerako eskubidearen urratzea. Zentzu horretan, ez du ahaztu izan nahi langileria pobretzen doan neurrian, enpresa handien eta bankuen irabaziek gora egiten dutela. Hala, egoerari kontra egiteko, “bizitzaren prekarizazio eta pobretze prozesu honi mugak jartzeko bermea langileen mobilizazio gaitasuna izaten ari da”.
Lehen helbururako baldintza egokiak
Aranburuk, hainbat elementu aipatu ditu aurretik aipatutako lehen helburu hori gauzatzeko. Besteak beste: langileen ahalduntze kolektiboa (bereziki sektore feminizatuetan), Greba Feminista Orokorra (Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eskatzeko), independentismoak jokatu dezakeen garrantzia eta datozen EAEko Lehendakaritzarako hauteskundeek suposatzen duten aukera.
Bi erronka nagusi
Alde batetik, lantoki eta sektoreetan borrokak piztearen balioa azpimarratu du. Zentzu horretan, orain arte egindako ibilbidea goraipatuta, sindikalismo feminista eta antirrazistan jarri du fokoa. Era berean, zatiketa sindikala saihestearen beharra nabarmendu du.
Bestetik, “ezker independentismoaren eremuko eragileen arteko agenda sozial partekatua” izan da aipatutako bigarren erronka.