Correoseko garbitzaileek bost eguneko grebari ekin diote

uriola.eus 2023ko ira. 11a, 18:54

Langileek salatu dutenez, “Limpiezas J. Córdoba” enpresa azpikontratatuak langileen soldaten atzerapen eta ez ordaintze ugari pilatu ditu dagoeneko.

“Limpiezas J. Córdoba” enpresako langileek, Correoseko garbiketa-azpikontratakoek, alegia, aste osoan zehar lutzatuko den grebara jotzea erabaki dute; hain zuzen ere, hilabetez bizitakoa salatzen ibili ostean, egoera konpontzeko neurririk hartu ez direlako. Abendutik, enpresak zerbitzua bere gain hartu zuenetik, astero mobilizazioak egin dituzte langileek, nominak atzeratu eta ordaindu ez dizkietelako. Langileen arabera, egoera konpondu beharrean, ez-ordaintzeak uztaileko eta abuztuko nominetan ere gertatu dira (aparteko ordainsaria barne), eta, ahalegin horiek egin arren, ez da inolako elkarrizketarik izan, ez negoziaziorik, ez enpresarekin, ez eta Correosekin ere. Beraz, egoera horren aurrean, grebara joatea erabaki dute euren eskubideak defendatzeko.

“Beharrezkoak diren pausoak ematea erabaki dugu, Correosek egoera honen larritasuna seriotasunez har dezan eta gure soldatak modu irmoan ordaintzera behartua egon dadin. Ezinezkoa da 24 milioi euro baino gehiago mugitzen dituen kontratu publiko baten baitan langileak kobratu gabe egotea; are gehiago, Correos, berriz, garbiketa-enpresari (Limpiezas J. Córdoba) ordaintzen ari zaion bitartean” adierazi dute LAB, ESK eta CCOO sindikatuek plazaratutako oharrean.

Eskaerak

Mobilizazio hauen bitartez, hiru dira langileek lortu nahi dituzten helburuak: Correos langileekin elkartu dadila eta azalpenak ematea; Correosek enpresa azpikontratatua pilatuta daramatzan zor guztiak interesekin ordaintzera behartzea eta egoera hau etorkizunean berriz gertatuko ez dela bermatzea eta Correosek halako egoeretan kontratua bertan behera uztea, langileen lan-baldintzak bermatuak izan arte.