El Vivero adingabeen zentroko langileek greba mugagabea iragarri dute, pairatzen ari diren lan-egoera salatzeko

uriola.eus 2023ko ira. 12a, 15:44

LAB eta ELA sindikatuen eskutik, zentroko langileek elkarretaratzea antolatu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean. Hala, azken urteotan administrazio publikoak tratatu dituen modua salatu nahi izan dute.

El Vivero Galdakaon kokatuta dagoen adingabeentzako zentro bat da. 2006tik Landalan enpresa izan da adingabeen ardura eta langileen kontratazioaren ardura izan duena. Orain dela urtebete inguru, Landalanek zerbitzua emateari utziko ziola adierazi zien langileei eta beren ordezkariei. Ordutik hona, 50 langile izatetik, 19 langile izatera pasatu dira, kaleratzeak egon dira eta lan baldintzak nabarmen kaskartu direla salatu dute langileek. Orain, zentroa itxi nahi dute eta langileak kaleratu. Honen aurrean, greba mugagabeari ekingo diote gaurtik aurrera.

Mobilizazioak aurrera eramateko zergatiei dagokienez, honakoa adierazi dute: “Beste behin ere argi geratu da publikoak izan beharko luketen eta aldundiaren mende dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, langileok mobilizazio-ziklo bat hastea erabaki dugu, langileen eta egoiliarren lan- eta bizitza-baldintza duinen alde, lanpostuen alde eta kaleratzeen aurka. Horretarako, greba mugagabea deitu dugu irailaren 12tik aurrera, eta ekintza ezberdinak egingo ditugu gaurtik aurrera”.

Urte luzez pairatutako egoera larria

Antolatzaileen arabera, urte asko daramatzate langileak eta adingabeak egoera gogor eta tamalgarrian. “Adibidez, harreran hartutako adingabeen kopurua batzuetan baimendutakoa baino bost aldiz handiagoa izan da, eta langileon ratioa ere ez da errespetatu gehienetan, eta horrek, jakina, adingabeen arteko gatazkak sortu izan ditu eta ondorioz hezitzaile taldearen lan osasunari eragin izan dio. Tentsio une horietan, tamalez, kontrola lehenetsi behar izan dugu babes lanaren gainetik, eta asistentzia lana berriz, heziketa lanaren gainetik”.

Landalan eta Bizkaiko Foru Aldundiarekiko haserrea

Bai Landalaneko zuzendaritzarekin, bai zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduraduna den Sergio Murillorekin, sindikatuek hainbat bilera egin zituzten batzordeko kideekin batera. Bertan, Landalanek esan zuen ez zuela ikusten zerbitzua emateko aukerarik, eta iragarri zuen utzi egingo ziola zerbitzua emateari Aldundiarekin hitzarmena amaitzean, eta agindu zuen subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola enpresa berriari, Agintzariri, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala. Baina, dirudienez, ez dute emandako hitza bete, eta subrogazioa ez da gauzatu.

Hain zuzen ere, gogorarazi dute harrezkero zerbitzua emateko hitzarmena behin baino gehiagotan luzatu dela, eta langileen lan-baldintzak okertu direla: ratiorik eza, itundutako plazak baino erabiltzaile gehiago, etab. Langileen lan-osasuna hilero jokoan jartzeraino. “Gogoratu behar da Landalan enpresa urteetan sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hori guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela”.