Urriaren 1ean hasiko da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

uriola.eus 2023ko ira. 13a, 13:18

Joan den maiatzean sailkapen fasea jokatu ostean, urriaren 1etik abenduaren 16ra bitarte ospatuko da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.

Gaur aurkeztu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Bizkaiko bertsolari txapeldun berria izendatzeko txapelketa Bilbon. Uriolan, joan den maiatzaren 25ean, sailkapen fasearen amaieraren berri eman genuen. Bada, iritsi da unea bertsolari txapelketari jarraipena emateko.

Aurkezpenean 3 pertsonek hartu dute hitza: Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatua; Igor Elortzak, bertsolaria eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea eta Ione Narbaizak, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea eta txapelketaren arduraduna.

Egitura

Orotara, 43 bertsolarik parte hartuko dute hastera doran edizio honetan. Lehenik eta behin, sailkapen fasetik datozen 29 bertsolariek 2021eko edizioan finalaurrekoetan kantatu zuten beste 7rekin bat egingo dute kanporaketetan. Aurreneko fase honek 6 saio izango ditu eta honako egun eta tokietan ospatuko dira saioak: Mungia (urriak 1), Gernika-Lumo (urriak 8), Arrigorriaga (urriak 15), Erandio (urriak 22), Igorre (urriak 29) eta Lekeitio (azaroak 1).

Bigarrenik, aipatutako saio bakoitzeko irabazle eta puntuazio onena bildu duten 5 bertsolariekin batera azken edizioko finalistak arituko dira kantuan finalaurrekoetan. Izan ere, 2021eko finaletik Etxahun Lekue izango da aurtengoan parte hartuko ez duen bakarra. Era horretan, 3 saio izango dira bigarren fase honetan: Berriz (azaroak 11), Santurtzi (azaroak 18) eta Lemoa (azaroak 25).

Azkenik, abenduaren 16an ospatuko da final handia Bilbao Arenan. Bertan, finalaurreko bakoitzeko irabazleak eta sailkapenez puntuazio gehien lortu duten lehen 5 bertsolariek kantatuko dute.

Asko aldatu den argazkia

Gaur goizeko ekitaldian zehar, aipagarriak izan dira bereziki aurtengo edizioaren berritasunei buruz Igor Elortzaren adierazpenak. Durangarrak lehendabiziko aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketa baten parte hartu zueneko oroitzapena eta gaur aurkeztutako edizioaren arteko desberdintasunak azpimarratu ditu. Hain zuzen ere, 1990koa izan zen parte hartu zuen lehenengotik, asko aldatu dira gauzak: bertsolarien jatorrizko eskualdeak, bertsolarien adina, gizon eta emakumeen partaidetza…

Sarrerak

Saioetako sarrerak erosteko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera.

Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etatik aurrera. Finalean, ostera, 15:00etatik aurrera egongo da zabalik txarteldegia.