Gaur, Hizkuntzen Europako eguna da. Hala, euskalgintzako erakunde nagusietako ordezkariak Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean elkartu dira, azaroaren 4an bertatik abiatuko den manifestazioa aurkezteko.
Gaurko ekitaldia baino lehen, euskalgintzako eragileek mobilizazio desberdinak egin dituzte azken hilabeteetan, besteak beste: maiatzaren 10ean eta uztailaren 13an, EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian. Aipatutako azken honetan gainera, 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren, alkate makila eta uztaiak eskutan, tartean, hiriburu eta hiri nagusienetakoak.
Oldarraldiaren hamaika adibide
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Idurre Eskisabelek hartu du hitza gaurko ekitaldian. Hasieratik, gogorarazi nahi izan du azken aldian izandako euskararen normalizazioaren kontrako epai sorta: Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa… Joera erasokor horren adibidea joan den uztailaren 6an izan zen; bertan, Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien.
Eskisabelek errealitate judiziala eta soziolinguistikoa bat ez datozela nabarmendu du. “Azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengo zabal-zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak”.
Parte hartzeko deia
Egoeraren larritasuna nabarmendu nahiean, euskaltzaleei, eta, orokorrean, hizkuntza-berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar guztiei Bilbonantolatuko duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.
“Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko eta euskararen aldeko olatu berri bat sortzeko, euskalgintza osoaren ekarpenaz gain, laguntzeko prest dauden pertsona eta talde guztien Babesa beharko da. Horregatik dei egiten diegu euskaltzale guztiei, tokian toki, noranzko honetan beren ekarpena egitera; bakoitzak bere egiteko modu eta ahalmenaren arabera manifestazio honen parte izatera” adierazi du Eskisabelek.