Patxo Telleria, antzerki zuzendaria: “Nire ustez, gizarteak gehiago ikasi behar du porrotetatik lorpenengatik baino”

uriola.eus 2023ko ira. 27a, 15:45

Antzezlan berri bat estreinatuko dute aste honetan Pabellon 6en. Patxo Telleria zuzendariaren eskutik, Aitor Borobiak eta Aitor Fernandinok “Bake Lehorra” antzezlana aurkeztuko dute. Obraren xehetasunak ezagutzeko, ikuskizunarenzuzendariarekin izan gara.

Antzezlana bigarren gerra karlistan kokatuta dago, bereziki behe klaseetan izan zuen eragina alde emozional batetik kontatzen saiatzen da, zuzendari zaren heinean, nola deskribatuko zenuke antzezlana eta zer espero dezake ikusleak?

Antzezlanak, zentzu orokor batean, gerraren eta bakea ezartzeko saioen antzutasuna, zailtasuna eta ezintasuna islatzen du momentu historiko konkretu batetik abiatuta, azkeneko Gerra Karlistarena, hain zuzen. Hala, antzezlanaren abiapuntua edo aitzakia Amorebietan bakea ezartzeko saiakeran kokatzen da, antzua izan zena, horregatik Bake Antzua haren izena. Hain zuzen ere, gertakari horren urteurrena aurreko urtean ospatzen zela aprobetxatuta, obra taularatzea erabaki genuen.

Edozelan ere, hori ez zen antzezlana aurrera eramateko arrazoi bakarra. Alegia, XIX. mendeko historia, azken finean interesantea da erakusteko, baina nik uste dut interesanteagoa dela, oraindik ere, kontuan izanda gertakizun horrek gaur egungo Euskal Herriko egoera hainbat puntutan oso errez islatzen duelako. Hau da, orduan sortu ziren gaur egun gizartea, agian modu baldar batean esanda, banatzen duten bi ikuspuntu nahiko nabarmen: alde batetik, Euskal Herria herri bat dela eta herri bat garatzeko eskubidea duenaren ikuspuntua, eta, bestetik, konstituzioaren barruan txertatuta egon behar dela uste duenarena.

Antzezlanean, lau eszena garatzen dira, batetik bestera joan eta etorrian tartekatzen direnak. Eszena bakoitzean gizartearen estamentu bat agertzen da: gizarteko boteretsuenak, goi mailako burgesia, langilegoa eta ezer gabe bizi diren pariak. Orokorrean transmititu nahi duguna honakoa da, gerrak goikoek eratzen dituztela, baina behean daudenek sufritzen dutela. Antzezlana idazten ari nintzenean, orduan hasi zen pizten Ukrainako gerra eta hau idazten ari nintzela pentsatu nuen “zeinen zaila izango den ixtea, zeinen zaila izango den gerra honek sortzen dituen zauriak, arrengurak, minak gorrotoak ezabatzea”; azken finean, hori delako gerrek dakartena. Hala ere, ikuskizunean nahiko modu errazean eta eraginkorrean hitz egiten da gai horietaz, ez bakarrik horretaz hausnartzeko, baita antzezlan gozagarriaz gozatzeko ere.

Fokoa alderdi emozionalean jarri nahi izan duzu, historizismotik apur bat aldenduta. Artista modura, ikuslearekin gertutasuna bilatu nahi zenuen horrela?

Antzezlan bat ez da ponentzia akademiko bat, ez da historia klase bat, ezta? Antzezlan bat emozioak plazaratzeko,ikusleak pentsatzeko baina baita ere sentiarazteko toki bat da. Beraz, antzezlanaren protagonista, gaia edo helburua aukeratzeko orduan, nik beti oso argi neukan nahi nuela hurbileko jendea izatea; hau da, ikuslearengandik hurbil egon daitekeen errealitate bat. Horregatik, ez dut kontatzen hainbeste gerraren nondik norakoak, egoera horrek orduko biztanlerian eta orduko herrian zer eragin izan zuen eta zer ondorio ekarri zituen baizik.

“Antzezlan bat emozioak plazaratzeko, ikusleak pentsatzeko baina baita ere sentiarazteko toki bat da”

Bigarren Gerra Karlista nahiko historiko ezaguna da; baina, Amorebietako Ituna, aldiz, ez horrenbeste. Hortaz, zein izan da, zehazki, gertaera hori hautatzeko arrazoia?

Bizitza beti kasualitatez josita dago. Nik duela urte eta erdi, esaterako, ez neukan Amorebietako Itunari buruzko inongo berririk; Amorebietan izan nuen, hain zuzen ere, lehenengo aldiz haren berri. Joan den urtean ospatu zuten 150. urteurrena, eta, hori zela eta, antzezlan batean gertakari hori plazaratzeko proposamena egin zidaten Amorebietako ekintzaile batzuk.

Nolanahi ere, niretzako kontu ezezagun bat izateak interesa piztu zidan proiektuan. Esate baterako, ezaguna egiten zaigu Bergarako ituna, lehenengo Gerra Karlistaren amaiera izan zena, Amorebietakoa, ordea, ez da hain ezaguna, porrot bat izan zelako; bertan sinatutako ituna ezerezean geratu zen eta, handik gutxira, gerrak modu bortitzago batean aurrera jarraitu zuen. Bada, akordio baten porrot bat kontatzen da eta, nire ustez, gizarteak gehiago ikasi behar du porrotetatik lorpenengatik baino. Porrotek erakusten baitigute, kasu honetatik urrutira joan gabe, zeinen zaila den bakea ezartzea, zeinen erraza den gerra piztea.

“Niretzako kontu ezezagun bat izateak interesa piztu zidan proiektuan”

Gaur egun, denbora luzea daramagu gure gizartean horrelako gatazka erraldoirik gabe; bueno, Euskal Herrian, duela 10 urtera arte, bizi izan dugu, jakina. Baina hala ere, ez da izan gerra orokor erabatekoa. Nire ikuspuntutik, beldurra galdu diogu, nolabait, gerra bat berriro piztearen kontuari, eta historiak erakusten digu ezin garela gehiegi fidatu. Gerra zale eta oso presente daude gaur egun, esate baterako Ukrainako gerraren kontuarekin, argi ikusten da armak erabiltzeko jokabide hori oso presente dagoela oraindik ere. Horrexegatik, ezin gara gehiegi fidatu, erne egon behar dugu, ze gerra-zaleak hor daude, eta gerra-zaleak normalean beti dira goian daudenak, haiek baitira beti gerretatik garaile edo, gutxienez, kalte handirik gabe ateratzen direnak. Gerra herri xeheak, edozein kasutan, izan irabazle edo galtzaile, beti galtzen du.

Antzezlana gaur egungo testuinguruarekin lotu berri duzu. Zuek obra hau egungo testuinguruko bereizketa askoren iturri bezala deskribatu duzue: eskuma eta ezkerra, erlijioa ta laizismoa,… zentzu horretan, gaurko euskal gizartearen egoerarekin lotuta dagoen istorioa dela esan genezake?

Oso akademiko jarri nahi gabe, XIX. mendean daude gaur egun ezagutzen ditugun gatazka askoren abiapuntua edo ernamuina. Mila kontu daude gaur egun esplikatzen direnak historiara jotzen badugu. Gure tesia, zentzu horretan, oso garbia da, hauts horietatik sortuak dira ondorengo gatazkak. Eta nik uste dut oso ariketa interesgarria dela historia ezagutzea, nondik gatozen, zer garen ondo ulertzeko.

“Hauts horietatik sortuak dira ondorengo gatazkak”

Eduki teknikoetara begira, Aitor Borobia eta Aitor Fernandino dira aktoreak. Lehen aldia den beraiekin lan egiten duzuna?

Aitor Borobiarekin hainbat lan egindakoa naiz, baina ez kasu honetan bezala bera aktore izanda. Hainbat proiektutan egon gara elkarrekin, produkzioan, bera zuzendari laguntzaile izan da nire proiektu batzuetan, aspalditik ezagutzen dut eta asmo handia neukan azkenean elkarrekin antzezlan batean aktore bezala aukera bat emateko. Fernandinoren kasuan, ordea, ez zait inoiz suertatu berarekin lan egitea, baina aurretik gertutik ezagutzen neun aktorea da. Betidanik gustatu zait, ez bakarrik bere antzezteko maitasuna, baita bere izaera ere. Azken finean, antzezlan batean oso garrantzitsua da zure gustoko pertsonekin lan egitea eta, kasu honetan, hori ere kontuan izan genuen bera aukeratzeko orduan.

Pabellon 6en antzezlana irailak 29an eta 30ean antzeztuko duzuen arren, joan den maiatzaren 22an estreinatu zenuten antzezlana Amorebietan. Orduz geroztik, beste nonbaiten antzeztu duzue?

Bai, baina, egia esan, ez beste toki askotan. Finean, egitasmo hau sortu zenean, printzipioz Amorebietan egitekoa zen, inolako pretentsiorik gabe. Kontua da, egin eta berehala, gu eta antolatzaileak konturatu ginen hor bazegoela Amorebietako muga gainditzen zuen zerbait. Harrezkero zenbait ikuskizun eman ditugu eta oraindik beste batzuk gelditzen zaizkigu; hemendik gutxira, adibidez, Iruñara goaz hango antzokian antzeztera. Argi dago, beraz, hasiera batean espero genuena baino ibilbide luzeagoa izan duela eta horrek esan nahi du, edukia eta eskaintzen dugun produktu artistikoa, produktu teatral erakargarria suertatu dela.

“Konturatu ginen hor bazegoela Amorebietako muga gainditzen zuen zerbait”

Aurretik beste obraren bat aurkeztu duzu antzoki honetan?

Bai, Pabellon 6tik gertu ibili naiz hainbat urtetan, produkzioren bat ekoiztu dut, idatzi dut bertan antzeztua izateko…. Orain arte aktore bezala ez dut hainbeste egin, azken finean, Pabellon 6en, oraindik ere, ez delako sartu euskarazko antzerkia modu indartsuan. Badakizu antzerkian beti egoten direla inertzia batzuk, eta orainarte behintzat, antzokiaren inertzia pixka bat gaztelaniazko antzerkiarekin lotutakoa izan Bilbon, Euskal Herrian orokorrean, badagoela giharra Pabelloian ere euskara bultzatzen hasteko nire ustez; horregatik, kasu hau aukera paregabea da horretan saiatzeko. Hala ere, “Bake Lehorra” nahiko proposamen elebiduna da, eszenak oso egiazkoak egiten saiatu garelako, eta orduko gizartea, oraingokoa bezala, horretan ezdago alde handirik, elebiduna zelako. Beraz, antzezlana euskaraz aurkeztua eta gidatua dago, baina antzezlana berez nahiko elebiduna da.

Etorkizunera begira, aipatu duzu beste udal batzuetan aurkezteko asmoa duzuela. Bestalde, etorkizun hurbilera beste proiekturik baduzu buruan?

Tarteanek, hau da, gure konpainiak, datorren azaroan estreinatuko du gure antzezlan berria, “Kortxoaren dilema”. Thriller politiko ideologiko bat da. Oso proposamen berezia eta interesgarria. Gure aldetik, gutxienez, oso animatuta gaude antzezlanarekin eta uste dugu sekulako jakin-mina sortuko duela. Arriagan estreinatuko dugu azaroaren erdialdean.

“Bilbon, Euskal Herrian orokorrean, badagoela giharra Pabelloian ere euskara bultzatzen hasteko”