Robert Mussche protagonistak, Kirmen Uriberen eleberriko pasarte batean:
"Zergatik idatzi nederlanderaz, Frantziako eta Alemaniako tradizio nagusien bitartean dagoen hizkuntzan?", galdetu dio bere buruari. "Munduan kokatzen nauelako pertsona gisa", esan du ahapeka, lurrean birrintzen diren euri tantei begira doala, ukabila estutuz. "Ganteko Ferrerlaan kaleko langileen hizkuntzarik gabe ez nintzen neu izango".
Mussche flandiarraren gogoeta gurera ekarrita:
"Zergatik idatzi euskaraz, frantsesak eta gaztelaniak azpiratuta dagoen hizkuntzan? ,"galdetzen diogu geure buruari. "Munduan ahots propioz kokatzen gaituelako", esango dugu ahapeka, lurrean birrintzen diren euri tantei begira goazela, ukabilak estutuz. "Bilboko auzoetako zahar eta gazteen hizkuntzarik gabe ez ginateke geu izango".
Izan ere, hizkuntzak egiten gaitu. Xabier Amurizak eta Natxo de Felipek argiago adierazi zuten: “euskara da euskaldun egiten gaituena”. 1984koa da aldarri ezaguna, euskara leku guztietara zabalduko zela uste zutenekoa. Ordutik ia 40 igaro dira, eta garaiak goitik behera aldatu, baina euskara aldarrikatzeko beharrak bere horretan dirau.
2023an, gure hizkuntza zabaltzeko erronkan sareko komunikabideek badute zer esana. Kalean bezalaxe, pantailetan ere beharrezkoak ditugu euskaraz jarduteko arnasguneak. Uriolak Bilboko euskal komunitatearen txoko birtuala izatea du helburu, eta hiriko euskaltzaleok badugu motiborik horretan laguntzeko.
Izan ere, Oskorriren gogoeta gurera ekarrita, hizkuntza gabe esadazue nola irtengo garen plaza digitalera.