Gazako Zerrendaren bonbardaketa etengabea izan da hilaren 7tik. Estatu sionistak “Hamasen aurkako gerra” deitu zuen hura Palestina osoaren aurkako eraso bihurtu da, Europako buruzagien babesean Palestinako herriaren aurkako genozidio eta garbiketa etnikoa zilegi eginez. Lurreko erasoaldiari zain, dagoeneko 2.500 palestinar baino gehiago izan dira hilak, 9000 baino gehiago zaurituak, dentsitate handiko 365 kilometro karratuko azalerako Gazako Zerrendan jarraitzen dutenen egoera benetan negargarria da.
Europako mandatariak “Israel eta Hamasen arteko gatazkaren” aurrean hertuko duten jarrera eztabaidatzen jarriko diren egun honetan, hainbat sindikatu eta erakundek herritarren ondoezari erantzuna eman diote aste honetarako beste mobilizazio deialdi bat eginez: alde batetik LAB, CCOO, ESK, STEILAS, HIRU, Etxalde eta CGT sindikatuek okupazioaren aurkako elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak bihar, hilak 19 12:00etan Eliptika Plazan, eta bestalde BDS Bizkaiak, Israelentzat boikotaren eta desinbertsioaren aldeko erakundeak, boikotaren aldeko manifestazio deialdia egin du ostiralean, hilak 20, 19:00etan, Arriagan hasita.
Pasa den astean antolatu zuten mobilizazioek izan zuten erantzunaren ostean, eta Palestinaren aldeko aldarriek Euskal Herriko zenbait tokitan pairatu duten zapalkuntza ikusita (igandean Eibarko futbol zelaian Palestinako bandera zeraman zaletuaren aurkako isuna esateko), herri palestinarraren aldeko aldarriak indar handia hartu du Euskal Herri guztian zehar. Aste honetan ere, Bilbok gainerako hiriburuetako mobilizazioekin bat izango du.