Bilbobuseko langileek bederatzi lanuzte partzial eta 24 orduko bat egingo dituzte astelehenean hasita

uriola.eus 2023ko urr. 19a, 16:03

Argazkia: Wikipedia

Lau orduko lanuzteak astelehenean hasiko dira eta abendura arte jarraituko dute, Santo Tomas eguneko 24 orduko grebarekin mobiliziazioei itxiera eman arte.

Astelehenean, hilak 23, hamar greba eta mobilizazio jardunaldi egingo dituzte Bilbobuseko langileek, hauetako 9 greba partzialak izango dira, zeinetan lau orduko lanuzteak egingo dituzten; eta, azkenik, abenduaren 21ean, Santo Tomaseko feriarekin bat eginez, 24 orduko grebaldia egingo dute.

Greba deialdia asanbladan erabaki dute Bilbobuseko langileek eta sindikatuek, “hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta” dagoela salatu eta langileen eskubideen eta eros-ahalmenaren defentsa aldarrikatzeko, UGT Euskadi sindikatuak plazaratu duen oharrean azaldu duenez.

Bi manifestazio egunean

Lanuzteekin batera, bi manifestazio egingo dira greba egun bakoitzean: goizean Elorrietako kotxeretatik hasiko da 08:00etan, eta Bilboko Udaletxearen aurrean elkarretaratze batekin emango diote amaiera; arratsaldean berriz, 18:00etan Intermodalean hasi, eta Plaza Eliptikoaren eta Kale Nagusiaren gurutzaketara artekoa izango da ibilbidea.

Datorren asthelenean hasi eta azaroaren 2, 6, 16, 22, 27 eta 29an; eta abenduaren 4an eta 12an egingo dituzte lanuzteak Bilbobuseko langileek. Goizez 7:00etatik 11etara eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara izango dira geldialdiak.