Artxandan aurkitu zituzten gorpuzkiekin harremana izan dezaketen lau pertsona atxilotu dituzte

uriola.eus 2023ko urr. 24a, 14:32

Argazkia: Bizkaiagaur

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu eta beste bat ikertzen ari da, abuztuaren 19an Artxandako eraikin batean aurkitu zituzten arrastoekin duten harremanagatik.

Abuztuaren 19an Artxandako Miramar jatetxe abandonatuan aurkitu zituzten gorpuzkiak, erreta zegoen maleta baten barruan. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak, gorpua agertu zenean “ikerketa bereziki konplexua zela” azaldu zuen, gorpuzkiak erreta baitzeuden, indarkeria zantzuekin, biktima identifikatzea asko zaildu zuena,

Arrastoak gizonezko batenak zirela jakin ahal izan zuten udan, maletan aurkitu zituzten elementu fisiko eta anatomikoen identifikazioaren bidez. Izan ere, hainbat hatz aurkitu zituzten bertan, eta hauek birhidratatu eta tratatu zituzten biktimaren nortasuna aurkitu ahal izateko; hala ere, prozesu zaila izan zela plazaratu zuen sailburuak, gorpuak jasan zituen kalteen larritasunagatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak Ertzaintzak lau pertsona atxilotu dituela azaldu du, eta bosgarren susmagarri bat ikertzen ari direla. Bilbo, Barakaldo eta Zaldibarren egin dituzte atxiloketak eta, momentuz, Segurtasun sailak ez du bestelako informaziorik plazaratu, kasua sumario-sekretua baita oraingoz.