Ostalaritzako lokalek bi orduz luzatu ahalko dute ixteko ordutegia urriaren 31an

uriola.eus 2023ko urr. 30a, 12:39

Bilboko Udalak iragarri duenez, bihar ostalaritzako lokalek bi ordu gehiago izango dute lan egiteko,  Halloweeneko ospakizuna dela eta.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak, egun berezietan bezala, ordutegia luzatzeko baimena eskatu zion Bilboko Udalari urriak 31erako. Hala, joan den ostiralean, urriak 25, Udalak bere oniritzia eman zuen. Ondorioz, Frantziako Tourrean edo Aste Nagusian gertatu den bezala, ostalaritzako lokalek egun berezia aprobetxatu ahalko dute.

Edozelan ere, baimena ez dago lokal guztietara zuzenduta. Izan ere, ordutegia ezin izango da luzatu “eguneko” establezimenduetan eta establezimendu “osagarrietan”, ez eta terrazetan ere, horiek ohiko ordutegia izango baitute. Establezimenduen kanpoaldean edariak hartzeko ordutegia ere ez da luzatuko.

Horiek horrela, aurten egun hauetan luzatu da edo luzatuko da ordutegia:

- Aratusteetan: otsailaren 17an eta 18an.

- Aste Santuan: apirilaren 7an eta 8an.

- Frantziako Tourrean: ekainaren 29an eta 30ean eta uztailaren 1ean.

- BBK LIVE jaialdian: uztailaren 6an, 7an eta 8an.

- Aste Nagusian: abuztuaren 19tik 26ra.

- Bilbao Night Marathon: urriaren 21n.

- Halloween egunean: urriaren 31n.

- Gabonen aurreko aldian: azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, 2an, 7an, 8an, 9an eta 14an.

- Gabonetan: abenduaren 15ean, 16an, 17an, 22an, 23an, 24an, 29an, 30ean eta 31n, eta urtarrilaren 4an, 5ean eta 6an.