Bihar jokatuko da Lekeition Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken final-laurdena

uriola.eus 2023ko urr. 31a, 12:49

Lekeitiko saioaren ostean, erabakita geratuko da hurrengo fasera sailkatuko diren 11 bertsolarien zerrenda.

Dena prest dago 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen faseari amaiera emateko. Urriaren 1ean Mungian hasi zenetik, bost saio ospatu dira jada. Final-laurdenetako fase honetan 36 bertsolarik hartu dute parte, biharko saioan kantatuko dutenak kontuan harturik. Horietatik, puntuazio onena lortzen duten 11 bertsolariek 2021eko edizioko finalistekin batera finalaurrekoetan abesteko txartela lortuko dute.  

Txapelketaren bigarren faseak azaroan zehar ospatuko diren hiru saio izango ditu: Berriz, azaroak 11; Santurtzi, azaroak 18 eta Lemoa, azaroak 25. Azkenik, finala abenduaren 16an izango da Miribillako Bilbao Arenan.

Bilboaldeko bertsolariak presente

Bihar bukatuko den fase honetan parte hartu duten bertsolarien artean Bilbo inguruko bi emakume ditugu: Oihana Bartra eta Maite Sarasola. Lehenengoaren kasuan, joan den igandean Igorreko saioan lehen postua lortu eta gero, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara. Bigarrenak, aldiz, bihar parte hartuko du Lekeitioko saioan. 

Hala, bi bertsolari hauen adierazpenak eta bertsolaritzarekiko duten harremana hobeto ezagutzeko Bilboko Uriolak eduki berezia prestatu du. Ez galdu gaurko egunean zehar igoko dugun edukia!